Ika-mika sortu da Aldundiaren partaidetzazko aurrekontuen bueltan

Uztarria.eus 2015ko urr. 20a, 12:07

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramale eta Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasak aurreko agintaldian EH Bilduk martxan jarritako aurrekontu parte-hartzaileen partidan aldaketak egingo dituztela jakinarazi zuen joan den astean. Atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietako Partaidetza batzordean egin zuen agerraldia Lasak, eta prozesuak "gutxieneko bermerik ez" duela azaldu bazuen ere, aurkeztutako proposamenak "aintzat hartuko" dituztela jakinarazi zuen. EH Bilduko batzarkide Judit Garciak azalpenak eskatu dizkio Imanol Lasari, "ustekabean eta azalpenik eman gabe aurrekontu parte-hartzaileak bertan behera utzi dituelako". 

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramale eta Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa eskualdez eskualde bilerak egiten ari da (Urola Kostan, Debagoienan eta Goierrin egin dituzte dagoeneko), aurreko agintaldian EH Bilduk martxan jarritako aurrekontu parte-hartzaileen partidan aldaketak egingo dituztela jakinarazteko. Dena den, Lasak jakinarazi du aurrekontu parte-hartzaileen aldeko apustuak eta ibilbideak ez dutela etenik izango, eta gainerako talde politikoei dei egin die gai hau "ika-mika politikotik ateratzeko". "Gauzak ondo egin direnean ez dugu inolako arazorik izan hala aitortzeko. Adibidez, joan den legealdiko zenbait partaidetza prozesu talde politiko guztien babesarekin eta ekarpenekin atera ziren aurrera, aho batez, eta hemen ere elkarlanean jardutea dagokigu", dio.

Urriaren 8an egin zuten Urola Erdiko batzarra Azkoitiko Elkargunean, eta bertan izan ziren Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Beizamako eta Errezilgo udal ordezkariak eta eragileak. Imanol Lasak bilera hartan azaldu zuen moduan, "ahuleziak" ditu partaidetzazko aurrekontuen proiektuak: "Gipuzkoako 360 lagunek hartu dute parte, baina 20 milioi euroko aurrekontu bat 360 pertsonek bakarrik erabakitzea gehiegizkoa iruditzen zaigu". Lasak gaineratu duenez, bilera "gehiegi" eta "azkarregi" egin ziren, eta proiektu askok ez dute "gutxieneko zehaztasun maila".

Joan den ekainean Azkoitian egindako aurrekontu parte-hartzaileen bileran, 10 proposamen aukeratu zituzten Urola Erdiko herritarrek eta eragileek. Gipuzkoako Foru Aldundiak bi milioi euro zituen proiektu horiek garatzeko. Ondorengo proposamenak aukeratu zituzten bilerara bertaratutakoek:

  • Baserri bideak konpontzea
  • Bailarako arte eszenikoen eskola sustatzea
  • Bertako produktuen eta merkataritzaren alde egitea
  • Landaguneko edadetuentzako zerbitzuak bultzatzea
  • Energia subiranotasuna
  • Eskualdeko mitologia jaso, aztertu eta zabaltzea
  • Udaleku parte-hartzaileak egitea haur eta gazteentzat
  • Ekintzailetasun planak sustatzen jarraitzea
  • Pasaiako Segadaren inguruko dokumentala egitea
  • Landa eremuetako baserrien ur gabezi arazoak konpontzea

Prozesuak "gutxieneko bermerik ez"

Atzo ere ildo beretik hitz egin zuen Lasak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Partaidetza batzordean egindako agerraldian, eta prozesuak "gutxieneko bermerik ez" duela azaldu bazuen ere, aurkeztutako proposamenak "aintzat hartuko" dituztela jakinarazi zuen: "Partaidetzazko aurrekontuen prozesuak gabezia ugari ditu, metodologikoki, politikoki eta ekonomikoki. Prozesua aztertzeko irailaren 4an egin genuen bilera departamentuko teknikariekin, parte hartu zuten aholkularitza enpresetako, garapen agentzietako eta udal elkarteetako ordezkariekin. Gabeziak dituela ez dugu guk esaten, aipatutako bileretan jakinarazi diguten. Gainera, adostasun politikorik ez zen izan, eta hauteskunde garaian jarri zen martxan. Horrek atzera eginarazi zuen parte hartzeko asmoa zuen jende asko". 

Lasak gaineratu zuenez, joan den legealdiko foru gobernuak prozesurako agindutako 20 milioi euroak "ez daude inon aurreikusita". "Ez dago diru partidarik edo kreditu konpromisorik, ez aurtengo aurrekontuetan eta ez Bilduk aurkeztutako proposamenean. Horrek argi erakusten du prozesuaren kutsu elektoralista eta etekin politikoa ateratzeko asmoa. Guk ez dugu gai hau lehia politikorako erabiliko. Gauzak txukun egin nahi ditugu, besterik gabe".

Edonola ere, eta Lasak adierazi duenez, bilera guztiak aztertzen ari dira foru teknikariak. "Banan bana hartuko ditugu kontuan, parte hartu zuten pertsona eta taldeei errespetua zor diegulako, eta guztiek jasoko dute erantzuna idatziz. Prozesuaren alor positiboenak aprobetxatuko ditugu, aurkeztutako ideiei erreparatuz. Bideragarriak direnak aurrekontuetan txertatuko ditugu, urteroko partaidetza egitasmoen bidez, eta noiz eta nola gauzatuko ditugun argituko dugu". 

"EAJk ez du parte-hartzean sinesten"

Atzoko Batzar Nagusietako batzorde bileraren ostean, gaiaz bere iritzia azaldu zuen EH Bilduk. Koalizioko kideen aburuz, "EAJk ez du parte-hartzean sinesten eta ez du herritarren borondatea errespetatu nahi. Gainera, kezkagarria da Gobernuaren gaitasun eza proiektuak aurrera eramateko, eta baita tranpatan ibiltzea aitzakia hutsalekin eta informazio nahasiarekin". 

EH Bilduko batzarkide Judit Garciak azalpenak eskatu dizkio Imanol Lasari, "ustekabean eta azalpenik eman gabe aurrekontu parte-hartzaileak bertan behera utzi dituelako". "Lasak egindako aitorpenek erakusten dute, alde batetik, EAJren eta PSE-EEren diputatuen kudeaketarako ezintasun larria. Eta, bestalde, Markel Olanoren gobernuak ez duela parte-hartzean sinesten, eta ez duela herritarren borondatea errespetatu nahi", azaldu du EH Bilduk. Horrez gain, Lasak ez duela aurten gauzatu behar diren proiektuen inguruko "informaziorik eman nahi", esan du koalizioak: "Ez dakigu Foru Aldundiak aurtengo konpromiso batzuk ere bertan behera utzi nahi ote dituen, nahiz eta bi milioi euroko aurrekontua izan horretarako".

Judit Garciak azpimarratu duenez, "aurreko legealdian, herritarron parte-hartzeari lehentasun estrategikoa eman zion Foru Aldundiak. Orain, ordea, herritarrek ilusioz egindako lan guztia bertan behera laga nahi dute, lau urte hauetan landu den kultura parte-hartzailearen alorrean eraiki dena zapuztuz".