Nerea Amenabar: "Norberak erabaki behar du nola nahi duen zaindua izatea"

Uztarria.eus 2015ko urr. 12a, 13:05
Nerea Amenabar, etxez etxeko zerbitzuaren sustatzailea.

Nerea Amenabar (Azpeitia, 1987) menpekotasuna duten pertsonei zuzendutako etxez etxeko zaintza zerbitzuaren proiektuaren sustatzailea da. Abuztuan hasi zen martxan proiektu pilotua, eta harrera "ona" izan du gaur artean. Uztarria.eus-ek Amenabarrekin hitz egin du proiektuaren nondik norakoez.

Gaueko etxez etxeko zerbitzua abian da Azpeitian. Zertan datza?

Auxiliarra bat etxez etxe joaten da erabiltzaileen zaintza pertsonala edo sortzen diren beharrak bermatzeko. Zerbitzua gaueko 00:00etatik 07:00ak arte eskaintzen da, asteko sei egunetan (igande gauetik larunbat goizera arte). Larunbat gaua da programaren zerbitzua eskaintzen ez den egun bakarra. Auxiliarrak erabiltzaile bakoitzaren bakarkako arreta-plana du, baita etxeen ibilbide plana ere. Auxiliarrak etxe bakoitzean 20-30 minutu egiten ditu bertaratzen den aldiro erabiltzaileen beharren arabera aldatu egiten da bisiten maiztasuna. Zerbitzuaren hilabeteko kostua sinbolikoa da; 50 euro hilabeteko.

Nola otu zitzaizun proiektu hau?

Proiektuaren azterketaren egunerokoa eta ideia ezberdinen sorkuntza nirea izan bazen ere, ezinbestekoa izan zen Azpeitiko Udaleko Gizarte Eerbitzuen eta Iraurgi berritzenen laguntza ideiak-eta kontrastatzeko.

Udalak eta Iraurgi Berritzenek bultzatu dute proiektua, ezta?

Proiektua sortu zen Iraurgi Berritzenek menpekotasuna duten pertsonen sektorea estrategikotzat jo zuenean. Hasiera-hasieratik Azpeitiko Udalaren babesa izan du proiektuak eta, batez ere, Gizarte Zerbitzuen sailarena.

Abuztutik hona proba fasean da proiektua. Zer harrera izan du?

Tartean erabiltzaileen baja gutxi batzuk izan ditugu eta alta berriak ere bai, baina zerbitzua gustatuko zaien jende askorengana ez gara iritsi oraindik. Izan ere, hasieran jendeari kostatu egin zaio proiektua zertan datzan ulertzea eta, pertsonek beharrik ez duten arte ez dute jakiten zer zerbitzu dauden. Horregatik da garrantzitsua herritar guztiengana iristea eta zerbitzuaren berri ematea. Dena den, jendea animatu nahi dugu parte hartzera, orain da-eta probatzeko unea.

Gaueko zerbitzurik ez zen orain artean Azpeitian. Esan daiteke proiektua aitzindaria izan dela?

Orain arte ez zegoen horrelako zerbitzurik Azpeitian eta inguruetan. Dakigula, Japonian bakarrik eskaintzen dira horrelako zerbitzuak. Beraz, esan daiteke aitzindaria dela, eta horrexegatik da programa pilotua. Ikusi egin behar da zer harrera izaten duen eta erabiltzaileei baliagarri al zaien zerbitzua.

Sektore estrategikoa al da menpekotasuna duten pertsonena?

Sektorea estrategikoa da. Datu bat esateko: egindako ikerketaren ondorioz, ikusi zen hemendik epe ertainera dependentzia duten biztanleen koputua %25 haziko zela. Eskari horri, gobernuak dituen baliabide urriak gehitzen badizkiogu, ezinbestekoa da zerbitzu ezberdinak diseinatzea, lehendik dauden errekurtsoak hobeto aprobetxatzeko.

Menpekotasun egoeran diren pertsonekin aritutakoa al zara lehenago?

Orain dela urtebete ingurura arte ez nuen eremu honen zuzeneko lanketarik egin, baina beti izan dut sentikortasun, gertutasuna eta enpatia sektorearekin. Erronka pertsonal bezala izan dut gizartearen ongizatea handitzeko zerbitzu edota eskaintza berri bat sortzea.

Proba pilotua da. Nori zuzendutakoa, zehazki?

Dependentzia maila duten pertsonei zuzendua dago, dependentzia maila edozein delarik ere. Askotan gertatzen da dependentzia maila batzuk ez daudela baloratuta, eta proiektu hau baloratua ez dauden horiei ere zuzenduta dago. 

Proiektuan interesa dutenek, izena eman al dezakete oraindik?

Bai, oraindik izena emateko denborez dago hala nahi duena. Animatu nahi ditut beldurrik gabe informatzera. Izena emateko lehen pausoa Azpeitiko Udala da. Beraz, informazio gehiago behar izanez gero, Gizarte Zerbitzuetako bulegora joan edo 943 15 71 92 telefonora deitu behar da. Ondoren, balorazioak egidnakoan, Gauez Gaueko Zerbitzuko ardunarekin elkarlanean arituko dira.

Aurrera begira, jarraituko al du proiektuak. Eta jarraitzen badu, aldaketa edo hobekuntzarik aurreikusi al duzue?

Proiektuak aurrera egitea da nire nahia eta martxan jarraitzea nahiko nuke, baina ondo aztertu behar da, faktore asko baitaude jokoan. Gure helburua pertsonen bizi kalitatea bermatzea da eta beraiek izatea euren zaintzaren gidariak. Norberak erabaki behar du nola nahi duten zainduak izatea. Egia esan, hobekuntzarako gakorik edo aldaketa handirik ez dugu aurreikusten oraindik, baina egunez egun gauza berriak ikasten ari gara eta zerbitzua hobetzen, eguneroko lanari zuzenduta.