Askapenaren aurkako epaiketa salatzeko Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute

Uztarria.eus 2015ko urr. 8a, 13:08
Askapenarekin Venezuelan, Kuban, Saharan eta Palestinan brigadista ibilitako herritarrak, hainbat saharar eta Azpeitiko Libre lantaldeko kideak.

"Askapenaren aurkako epaiketa baztertzeko eskatzeko eta herriek libre izan behar dutela adierazteko" manifestazioa izango da urriaren 12an, astelehena, Iruñean. Bertaratzeko deia egin zuten atzo Askapenarekin Venezuelan, Kuban, Saharan eta Palestinan brigadista ibilitako herritarrek, hainbat sahararrek eta Azpeitiko Libre lantaldeko kideek. 12:00etan izango da manifestazioa, eta bertara autoz joango dira azpeitiarrak, eta izena Orkatz Kultur Elkartean eman behar da.

Askapenaren aurkako epaiketa urriaren 19an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bertan, Askapena eta Askapeña konpartsa legez kanpo uztea eskatzeaz gain, bost lagun epaituko dituzte, eta bakoitzarentzat sei urteko espetxe zigorra galdegin dute. "Askapenaren aurkako epaiketa baztertzeko eskatzeko eta herriek libre izan behar dutela adierazteko" manifestazioa izango da urriaren 12an, astelehena, Iruñean, eta protesta horretara joateko deia egin zuten atzo, asteazkena, Askapenarekin Venezuelan, Kuban, Saharan eta Palestinan brigadista ibilitako herritarrek, hainbat sahararrek eta Azpeitiko Libre lantaldeko kideek. 12:00etan izango da manifestazioa, eta bertara autoz joango dira azpeitiarrak. Autoz joan nahi dutenek, izena Orkatz Kultur Elkartean eman beharko dute.

Prentsaurrekoan azaldu zutenez, "Askapena urte luzez munduko herrialde desberdinekin elkartasun internazionalistan aritu izan da, herrialde horietako errealitateak ezagutu eta Euskal Herrian beraien berri emanez". Horrez gain, Askapenak "Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka" munduan zehar zabaldu duela jakinarazi eta Espainiak horren aurrean duen jarrera salatu dute: "Espainiako estatuak Askapenak egindako lan politikoa epaitu, ilegalizatu eta Askapenako kideak espetxeratu nahi ditu. Euskal Herriko egoera munduan zehar zabaltzea eragotzi eta munduko hainbat gatazkatan, Sahararen kasuan esaterako, Espainiak duen ardura zuzena azaleratzen duten lekukoak isilarazi nahi dituzte epaiketa politiko honekin".

Saharako kasuari lotuta, Hassanna Aaliari elkartasuna adierazi nahi izan zioten prentsaurrekoa eskaini zuten azpeitiarrek. "Atzo atxilotu eta hamabost eguneko epean kanporatu nahi du gazte sahararra, eta Marokon bizi osoko espetxera zigortuta dago Aalia, lan politiko hutsa egiteagatik", azaldu zuten. Gainera, Azpeitiko Udalak herenegun, asteartea, egindako udalbatzarrean Askapenaren aurkako epaiketa salatu eta auzipetuei babesa adierazten zien mozioa aho batez onartu zutela eta, udal ordezkariak "txalotu" nahi izan zituzten.

Epaiketa gehiago

Askapenaren aurkako epaiketa ez dela ikasturte honetako epaiketa politiko bakarra izango azaldu zuten: "Batasuna, EHAK eta ANVko 35 kide eta Ekineko 9 kide ere datozen hilabeteetan epaituko dituzte. Hiru azpeitiar ere epaiketaren zain daude lan politiko hutsa egiteagatik, eta Orkatz ixteko agindua emana du Auzitegi Nazionalak". "Konponbidearen bidean aurrera egiteko" epaiketa politiko guztiekin "bukatu beharra" dagoela nabarmendu zuten.