Udal tasak eta zergak berdin mantenduko dira 2016an, Kirol Patronatuarena izan ezik

Uztarria.eus 2015ko urr. 7a, 20:10

Kirol zerbitzuengatik ordaintzen dena %3 igoko da, "hobekuntzen kostuei aurre egiteko". Ibilgailuen gaineko zerga, zaborrarena, eraikuntza instalazio eta obren gainekoa, udal jabari publikoaren erabileragatik ordaindu beharrekoa, ekonomia jardueren gainekoa eta hiri-lurren balio gehitzearena izoztea erabaki dute, KPIa negatiboa izan delako. Ekonomia jardueraren gaineko zergan hobariak ere onartu dituzte.

2016rako tasa, zerga eta prezio publikoei hasierako onarpena eman zien atzo, asteartea, Udalak urriko ohiko udalbatzan, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen. Atzokoa datorren urterako tasa, zerga eta prezio publikoen hasierako onarpena izan zen. Orain alegazioetarako epea irekiko da. Alegazioren bat aurkeztuko balitz, hura ebatzi ondoren hurrengo pleno batean onartu beharko dituzte behin betiko; bestela, epe hori amaitutakoan onartutzat emango dituzte. Helburua da urte hau bukatu aurretik tasa berriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzea, urtarrilaren hasieratik aplikatu ahal izateko.

Datorren urtarrilaren 1etik indarrean egongo diren udal tasa, zerga eta prezio publiko ia guztiengatik aurten ordaindutako kopuru berdinak ordaindu beharko dituzte azpeitiarrek. Izan ere, ibilgailuen gaineko zerga, zaborrarena, eraikuntza instalazio eta obren gainekoa, udal jabari publikoaren erabileragatik ordaindu beharrekoa, ekonomia jardueren gainekoa eta hiri-lurren balio gehitzearena izoztea erabaki du Udalak, KPIa negatiboa izan delako. Igoko den tasa bakarra Kirol Patronatuaren zerbitzuei dagokiena da; igerilekuko eta kiroldegiko erabiltzaileek ordaindu beharrekoa, alegia. Kirol zerbitzuengatik ordaintzen den tasa %3 igoko da, azken urtean zerbitzu horiek izandako "hobekuntzen kostuei aurre egiteko". Dirutan, urtean 8,75 euroko igoera ekarriko die horrek Kirol Patronatuko bazkideei. "Igoera minimo bat da, zerbitzuen hobekuntza nabarmena konpentsatzen lagunduko duena", azaldu zuen bilkuraren ondoren Estitxu Elduaien Kirol saileko zinegotziak. Azpiegituren berrikuntza, aldagela berriak, eta doaneko gimnasioko begiralea eta sauna zerbitzua aipatu zituen hobekuntzen artean.

"Azken urteetako irizpideetan oinarrituta" erabaki dituzte 2016rako tasak, zergak eta prezio publikoak, Eneko Etxeberria alkateak esan zuenez. Ekonomia suspertzen eta aberastasuna banatzen laguntzeko tresna izatea, eta tasek zerbitzu publikoa jasangarri egitea dira irizpideok. Ildo horiek jarraituz, batetik, ekonomia jardueraren gaineko zergan bi hobari berri ezarri dituzte. Horrela, kuotaren %50eko hobaria izango dute Azpeitian datozen bost urteetan jarduera ekonomiko berriak hasten dituztenek, eta gehienez %30eko hobaria lanpostu berriak eta finkoak sortzen dituzten aktibitate ekonomikoek; proportzioan aplikatuko da azken hobari hori. Eta bestetik, azokan postua jartzeagatik baserritarrei kobratzen zaiena %5 jaitsiko da.

Berriez gain, iaz onartutako hobariak ere mantendu egingo dituzte 2016an.

Zaborren "zuloa"

Tasak-eta izoztearen hautua oro har "ondo" iruditu arren, "zalantzak" jarri zituen mahai gainean Aitor Gorrotxategi bozeramaleak EAJren ezezko botoak argudiatzeko.

Kirol zerbitzuen tasaren igoera aipatuz, zerbitzu berriekin "jendearen artean ezinegona" somatzen dela esan zuen, eta "jarraitzen diren irizpideak onenak al diren aztertzeko epe bat" irekitzea proposatu zuen. Etxebizitza hutsen gaineko errekarguaren testuan azken ebazpena alkateak har dezakeela jartzea ere ez zaie egoki iruditu berez ere errekargu horrekin "ados ez" dauden jeltzaleei. Horri erantzunez, "lehen Ogasun batzordea jartzen zuen lekuan orain Alkatetza agertzen" dela azaldu zuen Eneko Etxeberriak, "dekretu bidez eman beharreko ebazpenak direlako, eta dekretuak alkateari dagozkio. Aldaketa formala da".

Tasa berrien gaineko EAJren zalantza eta desadostasun nagusia, ordea, zaborraren tasa izoztearekin lotuta dago, Gorrotxategik esandakoaren arabera. 2013tik 2014ra zaborraren kudeaketaren gastuak Azpeitian %10 igo direla esan zuen, 250.000 euro, eta igoera horren azalpenak ez daudela argi uste dute EAJn. "Azken urtean ez da ezer egin, bilketa sistema berririk ez da ezarri. Eta ez dakit zaborraren gaineko tasa ez igotzea, zulo hori estaltzen joateko, ez ote den okerrago". Kritika horren aurrean, Azpeitiarentzat zaborrak eta Urola Erdiko Mankomunitatea ez direla defizitarioak erantzun zuen alkateak. "Lapatxek 4,5 milioi euro ordainduko dizkio Udalari 2015ean. Eta Mankomunitateak ere ordaintzen dio Udalari. Azoka plazaren berrikuntza ere horri esker ordainduko da". Gorrotxategik "tranparik ez" egiteko eskatu zion, eta Lapatx diru-iturri moduan aurkeztea aurpegiratu zion: "Lapatx orain txatxiferikoa izango da, ezta? Faborez! Ez al zen ba guztion helburua Lapatx ixtea?".

Etxeberriak, bere aldetik, "Lapatxek Udalari orain arte inoiz ez" diola dirurik eman erantzun zion, "eta Mankomunitatea ere lehen Azkoitian zegoen, baina orain Azpeitian". Alkatearen aburuz, "zer-nolako Mankomunitatea nahi dugun erabaki beharrean" daude hura osatzen duten udalak,