Añares Rioja izango da Emakumeen Ligako Iraurgiren babeslea denboraldi honetan

Uztarria.eus 2015ko urr. 6a, 18:55
Emakumeen Ligako taldekoak, babesle berriaren izena elastikoetan dutela. (ISB)

Bihar, asteazkena, 20:30ean jokatuko dute kiroldegian Perfumerias Avenida indartsuaren kontra, ligako hirugarren jardunaldiari dagokion partida. Aurreneko biak galdu ondoren, aurkari gogorrenetakoa izango dute aurrean Joseba Lizarralde Rubio-ren jokalariek.

Azkoitia Azpeitia ISBk badu 'abizena' maila gorenean aritzeko. Maier Lizaso Iraurgiren lehendakariak baieztatu duenez, Añares Rioja etxea izango da Iraurgikoen talde nagusiaren babeslea Emakumeen Ligan. Denboraldi baterako itxi dute akordioa babesle berriarekin.

Babesle berriaren estreinaldi ofiziala bihar bertan, asteazkena, egingo du taldeak. Izan ere, ligako hirugarren jardunaldiko neurketa jokatuko dute bihar Joseba Lizarralde Rubio-renek kiroldegian, 20:30ean hasita. Eta ez dute, ez, nolanahiko aurkaria izango. Salamancako Perfumerias Avenida da Azpeitira datorren taldea, Espainiako Emakumeen Ligako eta Europako indartsuenetakoa, eta liga irabazteko faborito nagusienetakoa, nagusia ez bada.

Denboraldiko aurreneko bi partidak galdu ditu Iraurgik, estreinakoa Spar Gran Canariaren kontra, eta bigarrena joan den igandean Zaragozan, Mann Filter-en kontra (92-62). Oso ondo hasi ziren Rubioren neskak Zaragozan, lehen laurdenean aurretik ibili ziren (7-10, 7. minutuan), baina 9. minutuko 14nako berdinketaren ostean 21-3ko partziala lortu zuten etxekoek, eta horrek min handia egin zien ISBkoei.

Lehen garaipenaren bila jarraitzen dute, beraz, Iraurgiko emakumeek. Biharkoan ez dute lan erraza izango helburua gauzatu ahal izateko, baina horretan ahaleginduko dira.