Autobus zerbitzu berezia eskainiko dute Errezilen hildako umearen hiletara joateko

Uztarria.eus 2015ko urr. 5a, 13:16

17:15etik 17:30ak bitartean, behar adina autobus jarriko dituzte Azpeitiko anbulatoriotik Errezilera joateko. Bi herrietako udalek autobus zerbitzua erabiltzeko deia egin diete herritarrei, eta sor daitezkeen auto pilaketak eta aparkatzeko arazoak sahiesteko asmoz modu koordinatuan ariko direla lanean adierazi dute. 

Autobus zerbitzu berezia eskainiko dute Azpeitia eta Errezil artean, zapatuan hildako haurraren hileta elizkizunera joateko. 18:30ean izango da elizkizuna, Martin Deunaren parrokian. Errezilgo eta Azpeitiko udalek autobus zerbitzu berezia eskainiko dute 17:15etik 17:30era bitartean, eta autobusak Azpeitiko anbulatorio aurretik aterako dira. Errezildik Azpeitira itzultzeko ere autobusak izango dira. Bestalde, Tolosatik Errezilera 19:35ean iristen den autobusaz gain, jendeak behar dituen adina jarriko dituzte.

Bi herrietako udalek autobus zerbitzua erabiltzeko deia egin diete herritarrei, eta sor daitezkeen auto pilaketak eta aparkatzeko arazoak sahiesteko asmoz modu koordinatuan ariko direla lanean adierazi dute. Autoz joan behar dutenen kasuan, ezinezkoa zaielako autobusa hartzea, eskatu diete kasu egiteko herrian borondatez lanean arituko diren pertsonen oharrei, auto pilaketak saihesteko.

Zapatu arratsaldeko laurak aldean jazo zen ezbeharra, Errezilgo Letea auzoko mendi bide batean. Bost urteko haur bat quad txiki batekin maldan behera erori eta hil egin zen. Larrialdietako taldeak joan ziren ezbeharraren tokira, baina ezin izan zuten ezer egin. Azpeitiko Udalak doluminak adierazi dizkie hildako umearen familiakoei, lagunei eta gertukoei.