Xabat Manzisidorrek irabazi du Zumaiako XIX. Zakila Bira lasterketa

Uztarria.eus 2015ko urr. 5a, 12:53
Xabat Manzisidor helmugan. (Baleike.eus)

XIX. Zakila Bira krosa jokatu zen joan den zapatuan Zumaian, eta 400 lasterkarik baino gehiagok hartu zuten parte proban. 1:07:57 denborarekin irabazi zuen lasterketa Manzisidorrek. Emakumeetan bigarren sailkatu zen Nerea Azpiazu azpeitiarra.

Zapatuan jokatu zen XIX. Zakila Bira krosa Zumaian, eta 400 lasterkarik baino gehiagok hartu zuen parte proban. Korrikalariek eguraldia lagun izan zuten 20 kilometroko proba egiteko. Lasterketa hasi eta berehala atera zion Xabat Manzisidor azpeitiarrak 100 bat metroko aldea bigarrenari. Martxari eustea lortu zuen azpeitiarrak, eta 1:07:57 denborarekin helmugaratu zen. Bigarren Pello Osoro izan zen (01:09:44) eta hirugarren David Martin (01:10:02). Manzisidorrek ez zuen lasterketa horretan parte hartzen zuen lehenengo aldia, baina lehen aldiz irabazi zuen zapatuan. Denbora ona egin zuen azpeitiarrak, baina ez zuen Ion Salvador bilbotarrak egindako marka (01:04:14) hobetzerik izan.

Emakumezkoetan lehena Nere Arregi izan zen (01:21:12), eta haren atzetik helmugaratu zen Nerea Azpiazu azpeitiarra (01:26:10). Hirugarren Amaia Iza sailkatu zen (01:26:42).

Lasterketako argazkiak Baleike.eus webgunean.