Berrikuntza ugarirekin hasiko da Kirol Patronatuko ikasturte berria

Uztarria.eus 2015ko urr. 1a, 13:36
Leire Etxaniz eta Estitxu Elduaien udal zinegotziak.

Azken urteotako kirol ikastaro eta eskaintzez gain, Jump! saioak eta entrenatzaile pertsonalen zerbitzuak eskainiko dituzte igerilekuaren eraikinean, eta izen emate epea zabalik da dagoeneko. Bestalde, emakumeentzako korrika saioak ere antolatu dituzte, eta azken urteetan ez bezala, urte osoan izango dira saio horiek.

Udal Kirol Patronatuak hainbat berrikuntza eskainiko ditu hil honetan abiatuko den kirol ikasturte berrian. Azken urteotako kirol ikastaro eta eskaintzez gain, Jump! saioak eta entrenatzaile pertsonalen zerbitzuak eskainiko dituzte igerilekuaren eraikinean, eta izen emate epea zabalik da dagoeneko. Izena eman edota informazioa eskuratu nahi dutenek 943 81 41 21 telefonora deitu beharko dute.

Honako ikastaroak eskainiko dituzte ikarturte honetan:

  • Igeriketa ikastaroak (helduentzat nahiz umeentzat)
  • Haur jaioberrientzat igeriketa ikastaroa (ydaberrian)
  • Igeriketako teknifikazioa
  • Mantenu gimnasia (hirugarren adinekoentzat)
  • Mantenu gimnasia ikastaroa
  • Adimen urritasuna duten pertsonentzat kirol jarduerak
  • Pilates
  • Aerobic
  • GAP
  • Gimnasia abdominal hipopresiboa
  • Zumba
  • Cycling
  • Areto dantzak
  • Jump!
  • Total training
  • Entrenamendu pertsonalak

Horiez gain, tenis eta padel ikastaroak ere eskainiko dituzte, kiroldegiko gunean. Horietan izena emateko epea ere zabalik da, eta interesa dutenek 606 341 608 edo 685 761 863 telefonoetara deitu edo tenis.sustraia@hotmail.com helbidera idatzi behar dute.

Udalak jakinarazi duenez, "herritarrak kirola egitera bultzatu nahi" dituzte. "Kirolak sustatzen dituen balioetan irmo sinesten dugu; osasuna hobetzen du, kiroltasuna lantzen da, gorputza hobeto ezagutzen laguntzen du, giza harremanak errazten ditu...", azaldu dute.

Emakumeentzako korrika saioak

Azken urteetan emakumeak korrika egiten hasteko Zuk ere ahal duzu! egitasmoa izan da abian. Saioak hilabete jakin batzuetan soilik izaten zirenez, ekimena urte guztira zabaltzeko eskaera jaso zuen Udalak, eta hala eskainiko dute ikasturte honetan.

Horrenbestez, lasterka taldean egin nahi duten emakumeek Egoitz Arruti kirol-hezitzailearen gidaritzapean egingo dituzte saioak urriaren 5ean, astelehena, hasita. Astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak; igerilekuan elkartuko dira 19:00etan, eta 20:15era bitartean egingo dituzte entrenamenduak.

Izena igerilekuan eman behar da, eta hala nahi duenak, saioak irauten duen bitarterako ludoteka zerbitzua eskatu ahal izango du. Hilean 20 euro ordaindu beharko da.