Azpeitian irekiko dute urritasunen bat duten pertsonek kudeatutako lehen supermerkatua

Uztarria.eus 2015ko ira. 30a, 12:46
Bustinzuriko Errebalean zabalduko dute supermerkatua.

Eroskik eta Gureak taldeek elkarlanean jarriko dute martxan saltoki berria. Urriaren 15ean zabalduko ditu ateak, Bustinzuriko Errebalean.

Urritasunen bat duten pertsonek kudeatutako Euskal Herriko eta espainiar estatuko lehen supermerkatua aurki irekiko dute, eta Azpeitian egongo da. Eroskik eta Gureak taldeek elkarlanean jarriko dute martxan saltoki berria. Urriaren 15ean zabalduko ditu ateak, Bustinzuriko Errebalean.

Supermerkatu berria urritasunen bat duten hamar pertsonako talde batek kudeatuko duela jakinarazi du Eroskik. Egun, pertsona horiek prestakuntza zehatza jasotzen ari dira Eroskiren beste supermerkatu batzuetan.

"Berrikuntza sozialaren proiektua den heinean, ekimenaren helburuak dira urritasunen bat duten pertsonei aukera berriak ematea lan-munduan sar daitezen, eta gizartean dauden askotariko gaitasunak eta trebetasunak ikusaraztea, publikoarekin harreman zuzena izanez", azaldu du Eroskik agiri batean.

Azpeitian bertan bada Gureak taldearen bidez urritasuna duten langileek kudeatutako beste negozio bat, Lasaoko gasolindegia.