Autobusak aukeran igandean Azpeititik Kilometroak 2015era joateko

Uztarria.eus | Euskara
2015ko ira. 29a, 16:56

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik jarritakoan Usurbilera joan-etorria egin nahi dutenek urriaren 2rako eman behar dute izena. Lurraldebusek, berriz, zuzenean Usurbilera joateko zerbitzu bereziak eskainiko ditu. Orkatz kultur elkarteak ere antolatu du, eta tabernan bertan eman behar da izena.

Igandean, urriak 4, ospatuko da Usurbilen Gipuzkoako ikastolen aurtengo jai egun nagusia. Horrelakoetan ohikoa denez, garraio publikoa erabiltzeko deia luzatu dute Kilometroak 2015eko antolatzaileek, eta Azpeititik Usurbilerako joan-etorria autobusez egiteko aukerarik behintzat ez da faltako.

Alde batetik, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik autobusa antolatu du egun horretarako. 09:00etan irtengo da anbulatorio aurretik, eta itzulerako bidaia 18:00etan, Usurbildik. Autobus horretarako izena eman nahi dutenek ikastolako idazkaritzan egin behar dute, urriaren 2ko 13:00ak baino lehen, 10 euroren truke.

Orkatz kultur elkarteak ere antolatu du autobusa, eta tabernan bertan eman behar da izena.

Bestetik, Lurraldebusek zerbitzu bereziak eskainiko ditu egun horretan Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik zuzenean Usurbileraino joango direnak, eta berdin itzulerarako. Autobus berezi horiek 09:10ean, 10:40an eta 12:10ean aterako dira Azpeititik. Itzulerako autobusak, berriz, 17:30ean, 19:00etan eta 20:30ean irtengo dira Usurbildik.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu