Azpeitiarrentzat sariak ArgiHizkiak literatura lehiaketan

Uztarria.eus 2015ko ira. 24a, 20:31

Egoitz Arrutiren eta Eider Bereziartuaren lanak saritu dituzte Egizu Getxo Euskaldun elkarteak, Hiruka komunikazio-taldeak, Uribe Kostako hainbat udalek eta zenbait elkartek elkarlanean antolatutako testu laburren sariketan.

Egoitz Arruti eta Eider Bereziartua azpeitiarrak IV. ArgiHizkiak literatur lehiaketan saritutako hogei egileen artean daude. Egizu Getxo Euskaldun elkarteak, Hiruka komunikazio-taldeak, Uribe Kostako hainbat udalek eta zenbait elkartek elkarlanean antolatutako testu laburren lehiaketa da ArgiHizkiak. Aipatutako testuek antolatzaileek emandako hamar argazkitan oinarritutakoak izan behar dute, eta bi modalitate dituzte aukeran idazleek: labur-laburra (160 karaktere gehienez) eta laburra (100 hitz gehienez). "Jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea" dira, hain zuzen, lehiaketaren helburu nagusiak.

Bigarren modalitatera aurkeztutako testuei esker saritu dituzte bi azpeitiarrak, Ines Bermejoren argazkiaren gainean idatzitakoarekin Arruti eta Marisol Ramirezen argazkia oinarri hartuta idatzitakoarekin Bereziartua.

Urriaren 1ean Leioan jasoko dituzte euren sariak azpeitiarrek. Sari banaketa ekitaldiarekin batera, lehiaketaren erakusketa ibiltaria inauguratuko dute egun horretan.

Uztarriako kidea eta langilea da Eider Bereziartua, eta Uztarria herri aldizkariko kolaboratzailea, berriz, Egoitz Arruti. Elkarrekin aritzen diren blog bat ere badute, Eskutitzak edo ezkutuko hitzak.