Udako bisita gidatuak antolatu dituzte eskaintza turistikoa hobetzeko

Uztarria.eus 2015ko uzt. 29a, 12:53

Uda sasoian eskualdeko eskaintza turistikoa osatze aldera antolatu dute bisita gidatu programa Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek, Iraurgi Berritzeneko Turismo Sailaren bitartez. Azpeitian egongo diren bisita gidatuak 'Saninazioren sorterria eta herrigune historikoa' nahiz 'Gure almendra txikia' izango dira. 

Udako bisita gidatuak antolatu dituzte Azpeitia eta Azkoitiako udalek, eskualdera etortzen diren turistentzat nahiz herrian geldituko diren herritarrentzat. Iraurgi Berritzeneko Turismo Sailaren bitartez eraman dute aurrera bisita gidatuen proiektua, uda sasoian eskudaldeko eskaintza turistikoa osatze aldera. Abuztuan egingo dituzte bisita gidatuak eta guztira 24 izango dira, ordutegi zehatzak izango dituztenak.Ordutegitik kanpo geldituz gero, bisitak egin nahi dituztenek bisita autogidatuak egiteko aukera izango dute UROLApp aplikazioaren bitartez. 

Azpeitian, bisitak Saninazioren sorterritik egingo dira eta baita herriko gune historikotik ere. Aurten, lehen aldiz Almendra txikia ikusteko aukera izango da. Erdi aroko hiribildueen ezaugarri nagusi den almendra itxurako Azpeitiko gune historikoan zehar ibilaldia egingo da eta Azpeitiko garbigunea ikusiko dute bisitariek.

Bisita gidatuen programa honen bidez, Loiolako Santutegira doazen turistei herrietara hurbiltzeko motibazioa sortzea dute helburu Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek. Bestalde, bi udalek adierazi dute Eskualdeko Turismo Bulego berria, bisita hauek eta gainontzeko baliabide turistikoak sustatu eta saltzeko tresna estrategikoa izango delakoan daudela. Gaineratu dute eskaintza honekin udarako eskaintza turistikoa  "osaturik" gelditzen dela, turismo kulturala, natur turismoa eta turismo gastronomikoa badagoelako dagoeneko.