Saninazioak 2015

Oinatz "haserre", Udalak zezenketen kontrako elkarretaratzea festa egitarauan ez duelako sartu

Uztarria.eus 2015ko uzt. 27a, 17:23
San Inazio eguneko elkarretaratzea iragartzeko kartel hau atera du Oinatz Elkarte Animalistak.

"Ahaztu egin zaiela izan da eman diguten arrazoia. Seriotasun eta errespetu falta iruditzen zaigu", salatu dute elkarte animalistako kideek. Kontzentrazioa San Inazio egunerako deitu dute, 17:30ean zezen-plazaren aurrean.

Aurten ere deitu dute zezenketen kontrako elkarretaratzea saninazioetarako. Oinatz Elkarte Animalistak egin du deialdia eta kontzentrazioa uztailaren 31n izango da, San Inazio egunez, 17:30ean zezen-plazaren aurrean.

Deialdi horrekin lotuta, Oinatzekoak "haserre" agertu dira Azpeitiko Udalarekin, zezenketen kontrako elkarretaratzea ez dutelako sartu San Inazio festetako egitarauan. "Behar bezala eta denboraz festen egitarauan ekintza hau agertzeko idatzizko eskaera egin arren, bistakoa da ez dutela sartu. Ahaztu egin zaiela izan da eman diguten arrazoia. Seriotasun eta errespetu falta iruditzen zaigu", adierazi dute Oinatzeko kideek.