Xaguxatar parkea egingo dute Ingurugiro Etxearen ondoan

Uztarria.eus 2015ko uzt. 27a, 20:31

1.800 metro karratu izango ditu eta abuztuan hasiko dira parkearen eraikuntza lanekin. Saguzarra izango da bertako irudia, Izarraitzekin lotura zuzena duelako. 

Ingurugiro Etxea museoaren atariko parkea berritzeko lanak abuztuan hasi eta urrian bukatuko dituztela iragarri du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak. Joan den otsaileko plenoan onartu zuen Udalak Ingurugiro Etxearen jarduera bideratzeko hiru urtez behin berritzen duten akordioa eta, hitzarmena berritzearekin bat, Jaurlaritzak Ingurugiro Etxearen atariko jolas parkearen eremua berritzeko konpromisoa hartzen zuela azaldu zuten.

Orain, Jaurlaritzak hitzarmenean jasotako konpromisoa gauzatu eta Xaguxatar izena jarriko dioten parke berria egingo dutela iragarri du; saguzarraren irudian oinarrituta eraikiko dute gune berria, animalia horrek Izarraitz mendikatearekin duen loturagatik. Ingurumen saileko arduradunek azaldu dutenez, 1.800 metro karratu izango ditu parkeak eta "naturarekiko ezagutza eta harremana bultzatzea" izango da espazio berriaren xedea.