'Kaito' ohorezko bazkide izendatu du Kultur Mahaiak

Uztarria.eus 2015ko uzt. 27a, 12:54

Nicolas Oteiza Kaito Azpeitiko Kultur Mahaiko Ohorezko Bazkide izendatu zuten atzo, igandea, Sanagustin kulturgunean egin zuten ekitaldian. Herrian kulturaren alde, bereziki kulturaren trasmisioan, egindako lana aitortzea helburu izendatu zuten Kaito ohorezko bazkide Kultur Mahaiko kideek. Ekitaldia Kaitoren bizitzaren errepasoa egiten zuen bideo batekin hasi zen eta ondoren Kaito berak hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkien herritarrei nahiz Kultur Mahaiko kideei, bera ohorezko bazkide izendatu izanagatik. Amaieran, Urtzi Oteizak, Kaitoren semeak, opari bat eman zion aitari eta txalo artean bukatu zen ekitaldia.

Herriko kultur taldeek, udal taldeek, kultur teknikariek, norbanakoek eta Sanagustineko zuzendaritzako kideek osatzen dute Kultur Mahaia. Kulturaren alde egindako lana aitortu nahi du ohorezko bazkidearen izendapenarekin, eta azpeitiarrak edo Azpeitian bizi diren lagunak hartzen ditu aintzat horretarakoImanol Elias historiagilea eta Manolo Sanjuan tailagilea izan dira orain arte izendatuak, hirugarren ohorezko bazkidea izango da beraz Kaito.