Santio eguna bete-betea dator

Uztarria.eus 2015ko uzt. 24a, 22:08
Iazko Santio eguneko sagardo txapelketaren irudia.

Goiz-eresiekin hasi eta Elvisabuelo Gospel Banden kontzertuarekin itxiko den festa egitarau zabalak datorren asteko saninazioen atariko lanak beteko ditu aurten ere.

Festa giroan murgiltzeko aukerarik ez da faltako bihar, zapatua, Azpeitian. Urtero legez, ekitaldiz eta askotariko hitzorduz bete-betea dator Santio eguna. Goiz-eresiekin hasi eta Elvisabuelo Gospel Banden kontzertuarekin itxiko den festa egitarau zabalak datorren asteko saninazioen atariko lanak beteko ditu aurten ere.

Eguerdi partean bereziki, plaza Nagusiaren bueltan garatuko da festa egitaraua. Sagardo txapelketa eta gazta lehiaketa, aurten dirua Nepalera bideratuko duen txekor errearen eta hegaluzearen dastaketa, bertsolariak, trikitilariak, Nafarroako banderari egingo zaion omenaldia eta, Astotegian, eskualdeko ganadu erakusketa; arrazo ezberdinetako 50 buru elkartuko dira bertan.

Arratsaldean, berriz, errekortarien txapelketa jokatuko da zezen-plazan, eta kalean kantu poteoak eta Jainekin txarangak jarriko dute gatza eta piperra. Eta eguna agurtzeko musika gehiago, plazan, Elvisabuelorekin.

Eta ez ahaztu, Uztarriaren tonbolak ere Santio egunez irekiko dituela ateak.

Egitaraua

  • 10:30ean goiz eresia, Azpeitiko Musika Bandarekin eta Izarraitz Txistulari Taldearekin.

  • 10:30ean XXXIV. Ollagorra Usakume Txapelketa, Lapatxen, Ollagorra ehiza eta arrantza elkarteak antolatuta.

  • 11:00etan eskualdeko ganadu erakusketa.

  • 11:00etan XVII. Ardi Gazta Lehiaketa.

  • 11:00etan Hazparnekoei harrera eta ongietorria, udaletxean.

  • 11:30ean Nafarroako banderari omenaldia. Perez Arregi plazatik herriko plazara kalejira eta ondoren ohorezko dantza, Azpeitiko Napar Zuztarrak taldeak antolatuta.

  • 12:00etan XLIII. Sagardo lehiaketa, plazan.

  • 12:00etan bertsolari eta trikitilarien saioa. Nerea Ibarzabal, Beñat Lizaso eta Xebastian Lizaso bertsolariak eta Laja aita-semeak, Lutxurdixo eta Berastegi trikitilariak.

  • 18:00etan kantu poteoa, San Martin egoitzatik hasita.

  • 18:30ean Azpeitiko Errekortari Txapelketa, zezen plazan. Zezen Beltz eta Toropasion-ek antolatuta.

  • 19:30etik 22:30era Jainekin txarangaren kalejira.

  • 23:00etan Elvisavuelo Gospel Band taldearen kontzetua, herriko plazan.