Maier Lizaso: "Izugarria da gure harrobiko neskak maila honetara iristea"

Uztarria.eus 2015ko uzt. 24a, 15:17
Zurt Taberna ISBko neskak, iaz mailaz igo zirenean.

Espainiako Bigarren mailara igo zen Zurt ISB joan den denboraldian, baina azkenean lehenengo mailan arituko dira Iraurgiko neskak. Atzo, osteguna, jakinarazi zuen erabakia Espainiako Saskibaloi Federazioak, eta guztira hiru euskal talde ariko dira lehen mailan.

Iraurgiko neskak Emakumeen Saskibaloi Liga gorenean arituko dira datorren denboraldian. Espainiako Bigarren mailara igo zen atzo Zurt ISB joan den denboraldian, baina azken orduko aldaketak tarteko, lehenengo mailan arituko dira Iraurgiko neskak. Maier Lizaso ISBko lehendakariak adierazi duenez "tramite batzuen atzerapena" izan da arrazoia. Izan ere, taldeak izena eman behar zuen egunean agiri bat falta zitzaiela azaldu du. Horren ondorioz, Espainiako Saskibaloiko Federazioak lehentasuna eman zien ISBren aurretik beste bost talderi, nahiz eta bost horiek ez zuten plazarik. Lizasok azaldu du, "gure neskek lortutako plaza galtzeko arriskua zegoela ikusita, lehen mailan hutsik zegoen postua lortzen saiatu ginen eta, azkenean, baiezkoa jaso genuen". 

Atzo, osteguna, jakinarazi zuen erabakia Espainiako Saskibaloi Federazioak. Batzordeak Iraurgiren hautagaitza onartu du, "federazioko ligetan esperientzia duelako eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu dutelako".

"Harro gaude Azpeitia eta Azkoitia bezalako herri txikietako zortzi neskak parte hartzen duten talde bat lehen mailan egoteaz", adierazi du Maier Lizasok eta harrobiari eustea "oso garrantzitsua" dela gaineratu du. Bestalde, lan asko dagoela egiteko esan du. Izan ere, "ekonomikoki aldaketa handia suposatzen du lehen mailara igotzeak". Orain Foru Aldundiarekin eta Udalarekin hitz egiten ari direla adierazi du eta "ezinbestean" babesle bat aurkitu behar dutela.

Hiru euskal talde izango dira lehen mailako ligan: IDK Gipuzkoa, Gernika Bizkaia eta Iraurgi. Azpeitiko taldeak Al-Qazeresen aurka jokatuko du, Extremadurako taldeak diru kontuengatik uko egin behar izan baitio goreneko mailari. Guztira, 14 talde ariko dira emakumeen lehen mailan.