Saninazioak 2015

Ikastolaren 50. urteurrena ekarriko dute gogora txupinazoan

Uztarria.eus 2015ko uzt. 23a, 18:40

Udalak hamaika lagun gonbidatu ditu saninazioen hasierako ekitaldira, sorrerako guraso, irakasle eta ikasleak, "euskara eta euskarazko hezkuntzaren aldeko lana txalotu eta eskertzeko asmoz".

Udalak jakinarazi du 2015eko San Inazio festetako txupinazoa zeinek botako duen. Datorren ostegunean, uztailak 30, Azpeitian ikastola martxan jarri zutenak omenduko dituzte festen hasierako ekitaldi horretan, aurten sorrera haren 50. urteurrena betetzen dela gogoan hartuta.

Horrela, Udalak hamaika lagun gonbidatu ditu saninazioen hasierako ekitaldira, sorrerako guraso, irakasle eta ikasleak, "euskara eta euskarazko hezkuntzaren aldeko lana txalotu eta eskertzeko asmoz". Iñaki Olarte, Iñaki Eizmendi, Inazio Valverde, Rafael Larrañaga, Kontxu Odriozola, Mari Tere Garmendia, Josu Bereziartua, Xabier Goenaga, Mila Soraluze, Xebas Bereziartua eta Mertxe Urrestilla dira, hain zuzen ere, San Inazio bezpera eguerdirako udaletxeko balkoira gonbidatu dituzten lagunak.