Saninazioak 2015

Marea Arroxa: "Egitarau anitza, zabala, parekidea eta euskalduna osatzen saiatu gara"

Uztarria.eus 2015ko uzt. 23a, 12:52

Festen atarian, prentsaurrekoa eman zuten atzo, asteazkena, Marea Arroxako kideek. Festa herrikoi, euskaldun eta parekideak antolatu dituztela adierazi zuten, ingurumena zaintzeari garrantzia emanez eta "etxetik urrun daudenak gogoan". Festa batzordeak prestatutako egitarauan parte hartzera ere deitu zituzten herritarrak.  

"Konturatzerako festak gainean" direla eta, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, asteazkena, Marea Arroxako hainbat kidek, plazan. Marea Arroxako kideek azaldu zutenez, saninazioetarako egitaraua osatzeko, hainbat hilabetez prestaketa eta antolaketa lanetan ibili dira. Horretarako, plazako arkupeetan "herritar orori zuzendutako" hainbat batzar egin dituztela adierazi zuten eta parte hartu duten denen ahotsa "garrantzitsua" izan dela azpimarratu. Marea Arroxa "herritik eta herriarentzat" egindako festa ereduaren aldekoa dela nabarmendu eta "balore jakin batzuetan" oinarritzen dela gaineratu zuten: "Auzolana, euskara, parekidetasuna, ingurumenaren gaineko arduraz eta betiere herritik urrun daudenak gogoan".

Egitarau "anitza eta zabala nahiz parekidea eta euskalduna" osatzen saiatu direla azaldu zuten Marea Arroxako kideek, "adin guztietako herritarrak ondo pasatzeko aukera izan dezaten". Bestalde, "zoritxarrez festak gure artean ospatu ezin dituzten horiei berotasuna" helarazten dietela azaldu zuten festa herrikoien aldeko batzordeko kideek. Horrez gain, "festetatik hasita, zapalkuntza gabeko Euskal Herri librea eraiki behar" dela adierazi zuen eta herriko tabernen inguruko auzia salatu.

Hizkuntzari keinu egin eta euskara Marea Arroxaren beste baloreetako bat dela nabarmendu zuten, horretarako lan egiten dutela azalduz. "Gauzarik txikienak ere zaintzen saiatzen gara, fakturak euskaraz izatea eskatzen dugu, oholtzara igotzen diren taldeak euskarazko kantuak abestea eta tabernariei euskarazko kantuak jartzeko eskatzen diogu, besteak beste", esan zuten. Horrez gain, festa hauek euskaraz ez baldin badira, "ezin direla ulertu" gaineratu zuten.

"Festa parekide eta feministak" izatera begira lanean ari direla gogorarazi zuten, "guztiok askatasunez eta errespetuz festak gozatzeko". Horretarako, "kaleko txoko guztietan dantzan, irribarrez, saltsan..." ibiliko direla adierazi eta abuztuaren 1ean egingo den 'Emakumeok kalera!' egitasmoaren berri eman zuten: "Plaza hartuko dugu hainbat emakume elkartu eta elkarrekin konektatu eta indartzeko", azaldu zuten. "Beldurrik gabe barre egin eta konplexuak albo batera utzita dantza egiteko eremua izango da plaza" Marea Arroxako kideen esanetan. Bestalde, Ordizian gertatutako eraso sexistak salatu zituzten eta emakume oro "eroso sentitu dadin" neurriak hartuko dituztela azpimarratu zuten.

"Ingurumena zaintzea" da Marea Arroxaren beste baloreetako bat. Horregatik, material berrerabilgarriak erabiltzen dituztela azaldu zuten janariaz-eta arduratzen den lantaldeak. Esaterako, txosnetako basoak eta jatorduetako materiala berrerabilgarriak dira. Janariari dagokionez, herriko eta inguruko merkatarien produktuak erabiltzen dituztela azaldu zuten: "Bertako produktuak kontsumituz eta berziklatuz nahiz material berrerabilgarria erabiliz, hemengo produktuekin egingo direlako hemengo festak".  

Datozen egunetarako prestatutako egitarauaren berri ere eman zuten eta herritar oro animatu prestatutako ekintzetan parte hartzera. Hemen egitarau osoa:

Uztailak 24, ostirala, Preso eta iheslarien eskubideen aldeko eguna:

19:00etan elkartasunaren soka.

19:30ean ekitaldia.

Ondoren, luntxa musikaz alaituta.

Uztailak 25, zapatua, Baserritarren eguna

18:00etan kantu poteoa San Martin egoitzatik hasita.

Uztailak 16, igandea, umeen eguna

14:00etan umeen bazkaria eta jarraian jolasak.

17:00etan kalejira Alde Zaharreko kaleetan zehar.

19:00etan gaztetxoen Festa.

Uztailak 30, osteguna, saninazio bezpera:

11:00etan hamaiketakoa plazan.

11:30ean saltsa arroxa plazan.

12:00etan txupinazoa.

12:05ean Marea Arroxa.

15:00etan herri bazkaria. Jarraian, jolasak txosnagunean eta txosnen irekiera.

22:00etan Lockheed-en kontzertua txosnagunean.

00:30ean Tajon Prieto y los Kuajolotes-ren kontzertua txosnagunean.

02:00etan Erokomeriren erromeria txosnagunean.

Uztailak 31, ostirala, saninazio eguna:

14:30ean txomingeroen bazkaria Erdikalean.

18:00etan txomingero jolasak Eguenero elektrotxarangak lagunduta.

22:00etan Kaluseren kontzertua txosnagunean.

Ondoren, Ernairen ekitaldia.

00:30ean Las Tuerkasen kontzertua txosnagunean.

01:30ean Osso taldearen kontzertua txosnagunean.

Abuztuak 1, zapatua, gau pasa eguna:

11:00etan Bakailao Txapelketa plazan.

14:30ean bazkaria Berdura Plazan.

17:00etan Mus Txapelketa Sanagustin Kulturgunean (16:30ean hasiko da izen ematea, kulturgunean bertan).

18:30ean Emakumeok kalera! plazan.

22:00etan Katekesisen kontzertua txosnagunean.

00:30ean Egurra ta kitto! taldearen kontzertua txosnagunean.

02:00etan Dj Map-H txosnagunean.

Abuztuak 2, igandea:

08:00etan gaupaseroen argazkia plazan.

10:30ean Bertso-Pala Frontoi Txikian. Herriko neska-mutilen pala partida Xebastian Lizaso eta Iñigo Ibañez bertsolariekin.

19:00etan erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldia, plazan.

00:30ean Las Tea Party-ren kontzertua txosnagunean.