Saninazioak 2015

Iñigo Urkullu ez da saninazioetan etorriko

Uztarria.eus 2015ko uzt. 14a, 18:00

Uztailaren 29tik abuztuaren 2ra lehendakaria Boisen (Idaho, AEB) izango dela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Horrela, abuztuaren 1eko ekitaldietan ezingo du parte hartu.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza, Politika eta Kulturako sailburuarekin batera, Amerikako Estatu Batuetara joango da uztailaren 29tik abuztuaren 2ra bitartean, Boisen (Idaho) ospatuko duten Jaialdian parte hartzeko. Hala jakinarazi du gaur, asteartea, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak.

Horrenbestez, aurten saninazioetan ez da Azpeitira etorriko Urkullu. Abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenez, Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gorenak Azpeitira etorri ohi dira, egun horretan Loiolako basilikan izaten den erlijio ospakizunaren harira. Aurten ere etorriko dira bi erakundeotako ordezkariak herrira, baina lehendakaria behintzat ez da bertan izango.