Azpeitia Herriarteko Txapelketako finalean izango da, Astigarraga menderatu ostean

Uztarria.eus 2015ko eka. 28a, 22:00
Partidako une bat. (Eneritz Albizu)

Finalerdietako itzulerako partidak jokatu dituzte gaur azpeitiarrek Astigarragan, eta 1 eta 2 nagusitu dira. Datorren igandean Donostiako Atano III. pilotalekuan jokatuko den Herriarteko Txapelketako finalean izango da Azpeitia, eta Tolosaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Buruz buruko pilota txapelketaren itzalpean, baina gaur, igandea, arratsaldean lortu du Azpeitiak Herriarteko Txapelketako finalerako txartela. Azpeitiar ugari bertaratu da Astigarragara, hango taldearen kontra jokatu dituzte-eta finalaurrekoen itzulerako partidak azpeitiarrek.

1 eta 2 nagusitu dira azpeitiar pilotariak. Jon Alberdi eta Mikel Unanue kadete azpeitiarrek jokatu dute aurreneko norgehiagoka, eta 14 eta 22 nagusitu dira. Haien ostean kantxaratu dira Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilak, eta ezin izan dute neurketa irabazi. 22 eta 11 gelditu da bigarren partidako markagailua, eta partida bana irabazita iritsi dira bi herrietako pilotariak azken neurketara. Jurgi Larrañagak eta Daniel Murgiondo seniorrek aski zuten 15 puntu eginda finalera sailkatzeko, eta azpeitiarren alde, 18 eta 22 bukatu da partida.

Joan den astean ere 2-1 nagusitu ziren azpeitiar pilotariak Astigarragakoen kontra, eta 11 tantoko aldearekin iritsi dira gaur Astigarragara. Finalerdietako joaneko eta itzuliko norgehiagoketan nagusituta, datorren igandez, uztailak 5, Donostiako Atano III. pilotalekuan jokatuko den Herriarteko Txapelketako finalean izango da Azpeitia, eta Tolosa izango dute aurrez aurre. 10:30ean hasiko dira neurketak.

Hainbat urtez Herriarteko Txapelketan parte hartu gabe izan da Azpeitia, taldea osatzeko arazoak izan dituztelako.

Hemen, Beasainen aurka final laurdenetako itzulerako partida jokatu aurretik Larrañagari eta Murgiondori Uztarria.eus-ek egindako elkarrizketaren bideoa.

Hiru aldiz txapeldun

Azpeitiak, guztira, Herriarteko hiru txapelketa irabazi ditu gaurdaino. 2010ean jokatu zuten pilotari azpeitiarrek herriarteko finala azkenengoz, eta 2 eta 1 nagusitu ziren Hernaniren kontra. Ordurako bi txapel lortuta zituzten azpeitiarrek. Izan ere, 2008an eta 2004an Donostiari eta Hernaniri irabazi zion Azpeitiak, 3-0 eta 2-1, hurrenez hurren. Gainera, 2008an Euskal Herriko Herriartekoa ere irabazi zuen Azpeitian, Gipuzkoako ordezkari gisa.

Beste hiru final ere jokatu ditu Azpeitiko taldeak Herriartekoaren historian. Hala nola, 2007an Arrasateren kontra galdu zuen finala, eta aurreko bietan, 1995ean eta 1996an, azkoitiarren kontra.