Panel informatiboak jarri dituzte Munoandi aztarnategian

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 26a, 12:20
Paneletako bat. (Azpeitiko Udala)

Aurten ere boluntarioek lan egingo dute aztarnategian, Arazadiren gidaritzapean. Bertan izateko interesa duenak edo informazio gehiago eskuratu nahi duenak helbide elektroniko honetara idatz dezake: munoaundi@gmx.com.

Munoandi Burdin Aroko herri harresituaz informazioa helarazi asmoz, panel informatiboak jarri dituzte aztarnategian bertan. Guztira, bost panel jarri dituzte Munoandiren historia aurkezteko eta herritarrak Euskal Herriko Burdin aroaren testuingurura eramateko. Horretarako, Enrike Lekuonaren marrazkiak erabili dituzte.

Horrez gain, panel horietan agertzen dira Munoandiko lan arkeologikoen behin-behineko emaitzak. Lau hizkuntzatan idatzi dituzte panelak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Aztarnategirako bidean ere seinaleak jarri dituzte, hura errazago aurkitzeko.

Munoaundiko herri harresituaren indusketa arkeologikoak Aranzadi Zientzi Elkarteko kideek egin dituzte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Jaurlaritzak eta Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek finantzatu dute, Iraurgi Berritzenen sustapenen bidez.

Beste urte batez, lanean

Aurtengoan ere boluntarioek lan egingo dute Munoandin, Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendaritzapean. Bertan izateko interesa duenak edo informazio gehiago eskuratu nahi duenak helbide elektroniko honetara idatz dezake: munoaundi@gmx.com. Indusketan zehar bisita gidatua egingo dute lanen emaitzak ezagutzeko.