Aurkeztu dute abuztuan Azpeitian jokatuko den Europako Sega Txapelketa

Uztarria.eus 2015ko eka. 25a, 16:39
Aurkezpen ekitaldiko irudia. (Almitza)

Europako Sega Txapelketa jokatuko dute Loiolan, abuztuaren 28an, 29an eta 30ean, eta gaur, osteguna, aurkeztu dute txapelketa, Donostiako San Telmo museoan. Almitza elkarteko kideak, segalariak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria izan dira bertan.

Europako Sega Txapelketa jokatuko dute Loiolan, abuztuaren 28an, 29an eta 30ean, eta gaur, osteguna, aurkeztu dute txapelketa, Donostiako San Telmo museoan. Aurkezpenean izan dira besteak beste, Iker Ruiz de Eguino Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Edurne Arzelus Almitza elkarteko ordezkaria eta Garikoitz Lobregat Europako Sega Txapelketako koordinatzailea.

Abuztuan Loiolan jokatuko den sega txapelketan Suitza, Austria, Alemania, Eslovenia eta Hego Tyroleko kirolariak izango dira, Euskal Herriko segalariekin batera. Selekzio bakoitzak 15 segalari izango ditu, baina Suitzako emakumezkoen sekekzioak eta Austriako gizonezkoenak 16na izango dituzte, iazko txapelketa irabazi zutelako. Guztira, 92 kirolari lehiatuko dira: 61 gizon eta 31 emakume. Antolatzaileen arabera, 350 bat parte-hartzaile zuzen izango ditu txapelketak, epaileak-eta kontuan hartuta.

Egitarau zabala

Txapelketa dela-eta, hainbat egitasmo izango da egun horietan Azpeitian. Hala nola, musika emanaldiak, aurkezpenak, kultur erakustaldiak, dantzaldiak izango dira besteak beste, hilaren 28tik 30era bitartean.

Hemen, egitaraua osorik:

Abuztuak 28, ostirala:

19:00etan herrialde guztietako arduradunei harrera, udaletxean.

19:30ean musika animazioa eta afaria Berdura plazan.

23:00etan dantzaldia plazan.

Abuztuak 29, zapatua:

16:00etan Gaztetxoen I. Europako Sega Txapelketa, Ikasberri Ikastolaren ondoko zelaietan.

18:00etan kabalkada plazara, eta kultur erakustaldia.

19:00etan herrialde eta segalarien aurkezpena eta sailen zozketa, Berdura plazan.

Ondoren, ekitaldia eta jantokiaren irekiera.

23:30 Laketen kontzertua, Berdura plazan.

Abuztuak 30, igandea:

10:00etan meza Loiolako Basilikan.

11:30ean Europako Sega Txapelketa, gizonen lehenengo txanda.

13:00etan atsedena. Tarte horretan jantokia eta taberna izango dira mokadutxoa egiteko.

13:30ean Europako Sega Txapelketa, gizonen bigarren txanda.

15:00etan Europako Sega Txapelketa, emakumeen txanda.

18:00etan kanpoko herrialdeen kultur erakustaldia, Basilika atzean.

19:30ean ekitaldi nagusia eta sari banaketa, Berdura plazan.

22:00etan dantzaldia, Berdura plazan.

Promoziorako bideoa

Txapelketaren harira, ...baloia¡ ez, sega! bideoa grabatu dute, eta Mikel Aranburu futbolari ohia eta Asier Illarramendi futbolaria ageri dira bertan. Jon Maia bertsolariak zuzendu du bideoa.