Azpeitiar ugari Anoetan, Gure Esku Dagok antolatutako ekitaldian

Uztarria.eus 2015ko eka. 22a, 00:42

Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria eraman du gaur, igandea, Euskal Herriko bost hiriburutara. Baionan, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean egin dituzte ekitaldiak. Arratsaldean izan da Donostiako ekitaldi nagusia, Anoeta futbol zelaian, eta azpeitiar ugari izan da bertan. 

17:30ean hasi den ekitaldian izan diren milaka lagunen artean ziren, besteak beste, hainbat azpeitiar danborjole eta musikari. Gainera, ehunka azpeitiar izan dira Anoetako harmailetan, ekitaldiaz gozatzen. Ekitaldian musika, dantza eta hitzartzeak izan dira nagusi, eta harmailetako aulkietan jarritako kartulinekin mosaikoa ere osatu dute. Horrez gain, herriz herri ehundutako oihalek hartu dute futbol zelaia, eta koloreek hartu dute berdegunea. Aurkezle lanetan, berriz, Anjel Alkain, Iker Galartza, Kike Amonarriz, Edurne Garmendia, Joseina Etxeberria, Nerea Alias eta Arritxu Iribar aritu dira.