Futbol denboraldia festa giroan agurtzeko, Lagun Onak Eguna

Uztarria.eus 2015ko mai. 29a, 18:15
Aurtengo Lagun Onak Egunaren kartela.

Zapatuan, hilak 30, goizean futbol partidak, jolasak eta omenaldiak izango dira Garmendipen. Eguerdian Sanagustinen egingo dute bazkaria, sasoiko jokalari onenei sariak banatuz, eta gauean Gozategik Perez Arregi plazan emango duen kontzertuarekin itxiko da egun osoko egitaraua.

Bihar, zapatua, ospatuko du Lagun Onak Futbol Taldeak bere eguna. Egitarau oparoa prestatu du klubak, denboraldia festa giroan agurtzeko balioko duen jardunaldirako.

Garmendipe futbol zelaian hasiko da Lagun Onak Eguna. Han, 09:00etatik 12:00etara lagunarteko futbol partidak izango dira nagusi: Lagun Onaken futbol eskolako haurrak Zarauzkoen kontra ariko dira bederatzietatik aurrera; 11:00etan Lagun Onakeko emakumeen beteranoen taldearen txanda iritsiko da, Zestoaren aurkako neurketan; eta 12:30ean gizonen beteranoen taldearena, Zarautzen kontra. Baina futbol partidak ez dira goizeko osagai bakarra izango. Horrela, 10:00etan txupinazoa botako dute Aitor Zulaikak eta Josu Aranburuk; 11:30ean, berriz, musikak ere izango du tartea, Poxpi eta Egurrola aita-semeen eskutik; eta 12:00etan jolasak egongo dira. Azkenik, gizonezko beteranoen partidaren atsedenaldian bi omenaldi egingo ditu Lagun Onakek: bat, orain dela egun gutxi hil den Joxe Mari Eizagirre presidente zenari, eta bestea orain 40 urte Lagun Onak lehen aldiz Hirugarren Mailara igo zen taldeko jokalari, entrenatzaile eta presidenteari.

Garmendipekoak bukatuta, Sanagustin kulturguneak hartuko du Lagun Onak Egunaren hurrengo hitzordua. Han, 14:30etik aurrera, denboraldi amaierako bazkaria egingo dute klubeko kideek, sasoiko jokalari onenentzako sari banaketa barne, 16:30ean.

Eguna bukatzeko, musika izango da nagusi. 18:00etatik aurrera, Elektroxttek kalejiran ibiliko da, eta 23:00etan kontzertua izango da Perez Arregi plazan, Erokomeri herriko taldearekin eta Gozategirekin.