Tratu onen aldeko TO! Festa egingo dute ekainaren 5ean, Azkoitian

Uztarria.eus 2015ko mai. 27a, 13:07
Hezkidetza Foroko kideak TO! Festaren aurkezpenean.

Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeek, bi herriotako udalek eta Arremanitz kooperatibak osatzen duten Hezkidetza Foroak antolatu dute festa. Batetik, TO! Azoka egingo dute eta herritarrek parte hartu ahal izango dute. Bertan parte hartzeko izena eman behar da ekainaren 1a baino lehen. Bestalde, jolas kooperatiboak, ipuin kontaketa saioak, kontzertua eta DJ emanaldia izango dira datorren ostiralean, ekainak 5, Azkoitiko plazan.

Harremonak Hezkidetza Planaren baitan, Tratu Onen festa egingo dute ekainaren 5ean, ostirala, Azkoitian. Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek, bi herriotako ikastetxeek eta Arremanitz kooperatibako kideek ikasturtean zehar egindako Hezkidetza Planaren baitan egindako "urrats nabarmenak" plazaratu eta herritarrekin konpartituko dituzte TO! Festarekin. Agerraldian bildutakoek azaldu dutenez, "aurten urrats nabarmenak egin ditugu hezkidetza mailan eta hainbat egitasmotan aritu gara burubelarri ikasturte honetan: jolasdenbora proiektua, indarkeriaren kontrako protokoloa, formazio saioak, Plax! sexu aholkularitza zerbitzua sendotu eta zabaldu...".

Hezkidetza Foroko kideen arabera, "Tratu Onen aldeko mezua eta gonbita zabaldu nahi diegu herritarrei": "Festa egun hau baliatu nahi dugu zaintza eta tratu onak herriko plazara ekartzeko, erdigunean jartzeko. Elkarren zaintza klabea da pertsona bezala eta komunitate mailan modu osasuntsu batean bizi ahal izateko. Gero eta ikusgarriago, gero eta nabarmenago da, albokoen beharra daukagula, beraiekin ditugun harremanek aberasten gaituztela, eta elkarren beharrak asetzeko aldamenekoek duten garrantzia".

TO! Azoka

TO! Azoka antolatu dute herritarren ekarpenak jasotzeko, eta "ingurukoak zaintzeko ditugun jakintzak eta esperientziak herritarrei muxutruk eskaintzeko". Horretarako, ekainaren 5ean gune erdi itxiak jarriko dituzte Azkoitiko plazan, hainbat zaintza modu eskaintzeko: sendabelarrak, naturopata kontsultak, reiki, masajeak, psikologia zerbitzua... Azoka horretan parte hartzeko ekainaren 1a baino lehen eman behar da izena, azpeitianplax@gmail.com helbidera idatzita edo 654 81 14 73 zenbakira deituta.

TO! Azokaz gainera, egitarau oparoa antolatu dute ekainaren 5erako. 16:00etan umeentzako tailerrak izango dira Azkoitiko plazan. Hala nola, jolas kooperatiboak zein ipuin kontaketa saioak egingo dituzte. Horrez gain, tratu onen aldeko mural erraldoia egingo dute. Gainera, tratu onen inguruko TOpaketak egingo dituzte herritarrekin, "elkarren berri izateko, elkarren beharrak adierazteko eta elkar ulertzeko urratsak emateko". 18:30ean Zarauzko Tiktara taldeak bigarren diskoa aurkeztuko du, eta Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeetako haurrekin prestatzen ari diren Flashmob-a ere egingo dute. Egunari bukaera DJ emanaldiarekin emango diote.

Hezkidetza Foroko kideek herritarrei festan parte hartzeko eta azokan ekarpenak egiteko deia egin diete.