Hil honen hasierako udalbatzarrean Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lanak egiteko sinatu duen hitzarmena onartu ondoren, Aldundiak aste honetan jakinarazi du Azpeitia eta Urrestilla artean egingo duten bidegorriak izango duen ibilbidea.
Zehazki, Landeta eta Urrestilla artean egingo dute bidegorria. Arretxe baserriaren parean hasiko da bidea. Errepidearen ondotik joango da, Azpeitia-Urrestilla norabidean ezkerretik, eta Malkorra etxetik 230 metrora egurrezko zubi bat jarriko dute, Ibaiederren gainetik bide zaharrera igarotzeko. Bide zahar horretatik joango da bidegorria Larrañaga industrialde pareraino, Jai-Alai jatetxe ingurura arte. Han, errepidea gurutzatuko du bidegorriak, semaforo batek kontrolatuta, aipatutako industrialdera sartzeko. Igaraldeko zubiaren parean, Ibaieder igarotzeko, errepidearen ondoan hormigoizko pasabidea jarriko dute. Hortik aurrera, errepidearen eskuinaldetik jarraituz, Urrestillako herriguneraino iritsiko da bidegorria.