Loiolako turismo bulego berria uztailaren bukaerarako abian izatea aurreikusten du Iraurgi Berritzenek

Uztarria.eus 2015ko mai. 20a, 13:47

Loiolako Santutegiaren aurrean jarriko duten turismo bulego berria uztailaren bukaerarako (saninazioak baino lehen) martxan jartzea aurreikusten du Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen Agentziak. Bulego berriak egungoa ordezkatuko du, eta zerbitzuan ere aldaketak izango dira behin martxan jarritakoan. Izan ere, urte osoan izango da zabalik aurrefabrikatutako eraikina.

Iraurgi Berritzenek joan den martxoan jaso zuen bulego berria jartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena, eta lanen esleipen prozesuko baldintza eta irizpideak kontuan hartu ostean, Iruñeako Nuevo Sistema Modular S.L. enpresa arduratuko da eraikinaren horniduraz eta instalakuntzaz. Foru Aldundiaren baimenak bulegoa hamabost urtez bertan kokatzea ahalabidetzen du eta, hala nahi izanez gero, luzatzeko aukera ere ematen du.

Eraikin modular aurrefabrikatua birziklagarria eta berrerabilgarria izango da. Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, "turismo fluxuak bideratzeko estrategian aurrerapauso kualitatiboa" eman asmoz eraikiko dute bulego berria: "Eskualdeko turismo eta zerbitzu sektoreko enpresen eskura, euren negozioazio sustapenerako, tresna berri bat jartzea nahi da. Bestalde, Iraurgi Berritzeneko Turismo sailarekin elkarlanean jarduera turistikoa sustatuko da, tokiko garapen ekonomikoan parte hartzeko".