Manu Agirre: "Eskualdean bi udal soilik jarri nahi ditugu, gastua murrizteko"

Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 6a, 12:36
Manu Agirre.

Politika gustatzen zaiolako sartu zen mundu horretara Manu Agirre (Azpeitia, 1951). Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailean hasi zuen bere jarduna, PSE-EE zegoenean. Ondoren, Rosa Diezek eskatu zion laguntza, eta harentzat lanean hasi zen. Foru Hauteskundeetara UPyDko zerrendaburu bezala aurkeztu da.

UPyD alderditik aurkezten zara Foru hauteskundeetara, zerrendaburu gisa. Zer lehentasun definitu dituzue?

Bost ardatz jarri ditugu. Lehena, ekonomia eta enplegua da. Krisiarekin asko sufritu dute enpresek, eta Urola Kostan ere ikusi da hori: Corrugados, Azcue, TS Fundiciones... herritarrek lana behar dute zoriontsu izateko, eta hori da gure helburu nagusia. Bigarrena, gastu soziala da: osasungintza, hezkuntza, haurtzaindegi zerbitzuak sendotzea... Jaiotza tasa txikia da Gipuzkoan, beraz, guk baliabideak eskaini behar dizkiegu gazteei, lana eta seme-alabak bateragarri egin ditzaten. Horrekin batera, jakina, adinekoei ere lagundu behar zaie.

Hirugarren elementua politikoa da: gardentasuna eta ustelkeriaren borroka. Zenbat eta ustelkeria gutxiago egon, orduan eta aukera gehiago izango ditu herriak garatzeko. Laugarren xedea birsorkuntza politikoa da. Terrorismoak aztarna gogorrak utzi ditu, hori kondenatu egin behar da gobernatzeko; baina gogor, ez erdi-ipurdika.

Lehen bi puntuak lantzeko, beharrezkoa da dirua: nondik atera diru hori? Bi bide daude: neurri fiskalak hartzea, eta herritarrei diru gehiago ateratzea; edo gastu politikoetan murrizketak egitea. Gu bigarrenaren alde gaude. Sistema administratiboa moldatzea proposatzen dugu horretarako.

Nola moldatuko zenukete banaketa hori?

Udal-fusioak proposatzen ditugu, bost administrazio maila ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: gobernu zentrala, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Mankomunitateak eta udaletxeak. Europan zer egin dute? Danimarkan adibidez, sei milioi biztanlerentzat, 100 udaletxe baino gutxiago dituzte; Erresuma Batuan, ia 70 milioi biztanle daude, eta 520 udaletxe soilik jarri dituzte. Europako herrialde askotan ari dira egiten udal-fusio horiek: Alemanian, Grezian, Islandian, Letonian… Gure proposamena da 88 udalerrietatik 18ra pasatzea Gipuzkoan; horrela, 200 milioi euro aurreztuko genituzke. Oso administrazio astuna eta garestia daukagu, eta hori arindu egin behar da. Gastu politikoa murriztu behar dugu horrela.

Proposamen horren arabera, nola geldituko litzateke Urola Kosta?

Eskualdean, bi udal soilik jarri nahi ditugu, gastua murrizteko. Kostaldean, Orio, Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia eta Aizarnazabal batuko genituzke. 43.100 biztanle izango lituzke udal horrek, eta Zarauzko udaletxea kudeaketa gunea izango litzateke. Barrualdean, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Errezil eta Beizama egongo liratezke, 30.500 biztanle, erdigunea Azpeitian jarrita.

Elkarrizketa osoa ikusgai Urola Kostako Hitza-ren webgunean.