Herritarrak hasi dira "ilusioa, indarra eta borondatea" ehuntzen

Uztarria.eus 2015ko api. 27a, 12:58

Euskal Herriko hainbat txokotako moduan, Ehuntze Eguna ospatu zuten azpeitiarrek zapatuan. Gure Esku Dago dinamikako kideek egun osorako egitaraua prestatu zuten egun horretarako, eta eguerdian atxikimenduak emateko eta materiala erosteko postuak jarri zituzten herriko hainbat txokotan. Arratsaldean, berriz, haurrentzako pailazoak, erraldoien, buruhandien zein trikitilarien kalejira eta ekitaldia izan ziren, besteak beste. Ondoren, berriz, txotxa eta Dark Code eta Su ta Gar taldeen kontzertuak Sanagustin kulturgunean.

Ekitaldi nagusia 19:00ak pasatxoan hasi zen Perez Arregi plazatxoan jarritako oholtzan. Bertan erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten, hitzez nahiz kantuz, eta ekainaren 21ean Donostiako Anoeta futbol zelaian egingo den ekitaldiaz hainbat azalpen eman zituzten. Iaz 1.500 azpeitiarrek hartu zuten parte giza katean, eta aurten 2.500 atxikimendu lortzeko erronka du Azpeitiko Gure Esku Dagok. Atxikimendua eman nahi duten herritarrek Gure Esku Dagoren lokalera (Foru Ibilbidea 7) joan besterik ez dute, asteko edozein egunetan, 17:30etik 19:30era.