Azpeitiko Gure Esku Dago: "Atxikimendu bidez sarea osatu nahi dugu, datorren urtean jauzi kualitatibo garrantzitsua emango dugulako"

Uztarria.eus | Gizartea
2015ko api. 23a, 16:06

Ekainaren 21a iristeko bi hilabete baino gutxiago falta diren honetan, Gure Esku Dago dinamika lanean ari da herriz herri. Herritarrei egun horren berri emateko eta atxikimenduak biltzen hasteko, Ehuntze Eguna antolatu dute Euskal Herriko hainbat tokitan; tartean, Azpeitian. Zapatua, hilak 25, aldarri eta festa eguna izango da, eta hainbat ekitaldiz gozatu ahal izango da egun osoan. Uztarria.eus-ek Azpeitiko Gure Esku Dago taldeko Josu Albero eta Lurdes Isartekin hitz egin du, Ehuntze Egunaz, ekainaren 21az, taldearen helburuez eta aurrera begirako asmoez.

Lurdes Isart eta Josu Albero Azpeitiko Gure Esku Dagoko kideak, atxikimenduen oihala eskutan hartuta.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Euskal Herriko txoko askotan ospatuko da Ehuntze Eguna. Zer dela-eta antolatu duzue festa eta aldarrikapen egun hori?

Ekainaren 21era begira motorrak berotzeko antolatu dugu. Iazkoarekin alderatuta, aurten nahiko atzeratuta gabiltza, Azpeitian zein nazional mailan. Ekainaren 21eko ekitaldia aurkezteko prentsaurreko ofiziala duela hamar bat egun izan zen Bilbon, eta kontuan hartuta bi hilabete inguru falta dela ekainaren 21erako, jendeari erakutsi nahi diogu zer egingo den egun horretan eta zein den egitasmoaren xedea. Horretarako antolatu dugu Ehuntze Eguna. Informazio postuak-eta jarriko ditugu herrian, umeentzako egitasmoak, musika, ekitaldi nagusia, txotxa eta kontzertuak izango dira zapatuan.

Informazio postuak aipatu dituzue. Non jarriko dituzue eta zer azalduko diozue bertaratzen direnei?

Postu bat Olazko Andre Mariaren plazatxoan jarriko dugu, bestea Jose Artetxe kalean, Pastorkua tabernaren inguruan, eta hirugarrena Sanjuandegin, Izaro tabernaren aurrean. 12:00etatik 14:00etara bitartean egongo gara toki horietan, ekainaren 21eko egitasmoaren berri ematen eta atxikimenduak jasotzen. Aurtengo ekitaldirako bi gauza dira kontuan hartzekoak: atxikimenduak eta Anoeta futbol zelairako sarrerak. Anoetan 32.000 lagun besterik ez dira sartzen, eta iaz 50.000 bat lagunek egin zuten bat giza-katearekin. Beraz, pertsona horiek guztiak ez dira sartuko futbol zelaian. Anoetarako 500 sarrera salduko ditugu Azpeitian, baina atxikimenduek ez dute mugarik, eta 2.000 lortzea da gure helburua, iaz 1.500 atxikimendu inguru jaso genituen eta. Anoetan egon ezin duena ere presente izango da bertan, atxikimendua emandakoan jasoko duen oihalaren bitartez. Izan ere, Azpeitiko oihal guztiak Anoetan aterako ditugu.

Atxikimendua ematen duenak oihal zati bat izango du nahi duena idazteko, beraz?

Atxikimendua oihal bidez adieraziko da. Atxikimendua, iaz bezala, fitxa baten bidez egiten da. Oihal handi batzuk ditugu, eta oihal handi bakoitzean hainbat atxikimendu sartzen dira. Oihal zati horietan bakoitzak nahi duena idatzi ahal izango du, eta atxikimenduarekin euro bat ordaindu beharko da. Zapatuan eman ahal izango da atxikimendua lehen aipatutako toki eta orduetan, eta Gure Esku Dagoren denda ere zabalik dugu, Foru Ibilbideko 7. zenbakian. Beraz, nahi duenak han ere eman dezake atxikimendua. Jendearen babesaren bidez betetako oihal guztiak Anoetara eramango ditugu ekainaren 21ean. 

Ekainaren 21ean egun osoan izango da aldarrikapena Donostian, ezta?

Goizean, eguerdian eta arratsaldean izango dira ekitaldiak. Goizean, Urumea ibaiaren ondoan, Kursaaletik Anoetara, oihal-katea egingo da Gipuzkoan atxikimendu bidez bildutako oihal guztiekin. Horrez gain, bi gune izango dira; Ilunben txikienentzat eta Mini Estadioan gazteentzat. Arratsaldean egingo da ekitaldi nagusia, 18:00etan, Anoetan. Han atxikimendu guztiak aterako dira, eta hautesontzi erraldoia osatuko da. Hautesontzi horrek gure bozkatzeko gogoa adieraziko du.

Zer ehuntzera gonbidatzen dituzue herritarrak?

Euren herria herri bezala sentitzen duten herritarren borondateak ehundu nahi ditugu, bat egiteko eta gure ahotsa entzun dadin. Ehundu nahi ditugu borondateak, borondate horren arabera erabakiak har daitezen. Leloa da Gaur hautesontzia, bihar erabakia. Horrekin esan nahi duguna da sinbolikoki atxikimenduetan bildutako oihalekin hautesontziak egingo ditugula, eta bihar nahi duguna dela botoa ematea hautesontzi horietan.

Iaz giza katerako piztu zen ilusioari eustea espero duzue?

Hobetzea nahi dugu. Oso hunkigarria izan zen iazkoa. Kostatuko zaigu maila hartara iristea, baina hori da asmoa. Erreferentea sortu zitzaigun iaz, eta hein handi batean espektatiba bat. Une honetan, agian, handia da espektatiba, baina ez digu kalterik egingo erronka berri honen aurrean. Beste parametro batzuetan kokatzen da aurtengo egitasmoa, eta erreferente hori baliagarri izango zaigu ispilu moduan.

Zer fasetan dago Azpeitiko Gure Esku Dago?

Bigarren urtea da. Lehenengo urtean ezagutzeko denbora behar izan genuen, ekitaldi batzuk antolatu genituen, baina aurten badugu oinarria, eta helburua da ekainaren 21erako ahalik eta jende gehien biltzea. Horrez gain, Azpeitian atxikimendu bidez sarea osatu nahi dugu, datorren urtean jauzi kualitatibo garrantzitsua emango dugulako, bai Azpeitian eta bai Euskal Herrian.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu