Azpeitiarrei arreta soziosanitario koordinatua bermatzeko protokoloa sinatu dute

Uztarria.eus 2015ko api. 22a, 20:09

Otsaileko udalbatzarrean onartu zuen Udalak Eusko Jaurlaritzarekin, Osakidetzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostutako protokoloa sinatzea, menpekotasun egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsonei laguntzeko.

Azpeitiko Udalak koordinazio soziosanitariorako protokoloa sinatu du, "esparru horretan koordinatzean sortzen diren egoerak arautzeko helburuarekin". Otsaileko udalbatzarrean onartu zuen Udalak Eusko Jaurlaritzarekin, Osakidetzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostutako protokoloa sinatzea.

"Protokoloaren helburu nagusia menpekotasun egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsonen arreta hobetzea eta haien premiei erantzun integrala ematea da. Eta horretarako, kasuak detektatu eta atenditzeko orduan, profesionalen arteko koordinazio eta lanketa egokiak finkatu eta hedatzea bilatzen da", azaldu du Udalak. Protokolo hori "esparru prozedura gisa ezarri" dutela gaineratu dute, aurrerantzean herriaren ezaugarrietara egokitzeko asmoarekin.

Honako eragile eta administrazioek sinatu dute protokoloa: Goierri-Urola Garaiko ESIak (Lehen Mailako Atentzioko Unitateak eta Zumarragako Ospitalea); Beasain, Zumarraga eta Azpeitiko Osasun Mentaleko zentroek; Donostia Unibertsitate Ospitaleak; udaletako Gizarte Zerbitzuek; eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Departamenduak.