Mamia bai, baina oskola ez diote aldatu

Urola Kostako Hitza 2015ko api. 21a, 13:07
Anbulatorioan hasieratik dabiltzan lau langilea: Aizpuru, Orbea, Landa eta Bernaras. (Eneritz Albizu/Urola Kostako Hitza)

30 urte egin ditu Azpeitiko anbulatorioak, eta parte-hartze prozesua ireki dute hori ospatzeko. Haurren marrazkiekin erakusketa egingo dute, eta helduek beraien iritzi, ekarpen edo argazkiak bidal ditzakete.

lan egiteko modua aldatu da inguruko anbulatorioetan azken urteetan. Baliabideak, prestakuntza eta pazienteen ohiturak ere desberdinak dira. Hala ere, azken 30 urteetan egitura berak eutsi die Azpeitiko anbulatorioko joan-etorriei eta istorioei. 1981ean hartu zuen Azpeitiko Udalak herrian osasun etxea egiteko erabakia; aurrez, kartzela eta epaitegia izandako eraikinean, Jose Artetxe kalean, eta 1985ean berreraiki zuten. Gaur egun, hor jarraitzen dute lanean sendagile eta erizainek, eta erreferentziazko leku bihurtu da azpeitiarrentzat ez ezik, inguruko herrientzat ere.

Anbularioaren lehen egunetik lanean ari diren lau pertsona daude oraindik Azpeitian, bi sendagile eta bi garbitzaile: Marije Bernaras familia medikua, Carlos Orbea pediatra eta Ana Aizpuru eta Arantza Landa garbitzaileak.

Carlos Orbea pediatraren hitzetan, bost pertsona hasi ziren lanean 1985ean Jose Artetxeko eraikinean. Garai hartan, "oinarrizko zerbitzua" eskaintzen zuten herrian, eta kontsulta gehienak Donostian izaten ziren. "Gaur egun, ez dugu memoria handia, baina herritarrei gogorarazi behar diegu ezerezetik osatu dugula Azpeitiko anbulatorioa", azaldu du Orbeak.

Anbulatorioaren egoeraz eta lana egiteko moduaz gain, gizartea bera ere "asko" aldatu dela ziurtatu du Orbeak. Lehen, kasu "puntualetan" joaten ziren herritarrak osasun etxera, pediatraren arabera; eta, gaur egun, "egunerokotasunean" hartutako ohitura bilakatu da. Harremana ere desberdina dela sumatzen du sendagileak: "Orain artean, medikua urruneko figura bat zen, errespetuzko pertsona bat. Orain, ordea, konfiantzazko pertsonatzat hartzen gaituzte; hori asko aldatu da urte gutxian".

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.