Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan aste osorako egitaraua prestatu dute

Uztarria.eus 2015ko api. 20a, 19:10

Udalak eta Udal Liburutegiak elkarlanean hainbat ekitaldi antolatu dute. Aurreneko hitzordua gaur, astelehena, izango da liburutegian. Alberto Ladron Aranaren Harrian mezua eleberriaren gaineko literatur solasaldia egingo dute bertan, 18:00etan hasita.

Ostegunean, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da, eta data horren bueltan egitarau berezia osatu dute Azpeitiko Udalaren eta Udal Liburutegiaren artean. Gaur irekiko dute egitaraua, 18:00etatik 10:00etara Udal Liburutegian, Alberto Ladron Aranaren Harrian mezua eleberriaren gaineko literatur solasaldiarekin. Osteguna arte, egunero izango da hitzorduren bat liburutegian, tartean Urola aldeko kontu ta komerixek liburuaren aurkezpena; bihar, asteartea, 19:00etan izango da hori.

Apirilaren 23an bertan, berriz, azken urteetako ohiturari jarraituz Udalak argitaratu dituen liburuak salgai jarriko dituzte Sanagustinpean; liburu bakoitza 5 eurotan salduko dute. Azpeitiaren 700. urteurrena ospatzeko argitaraturiko liburuak ere salmentan egongo dira; horien kasuan, bakarka erosiz gero 5 euro kostatuko da liburu bakoitza, eta bilduma osoa erosi nahi duenak 20 euro ordaindu beharko ditu. Haurrentzat argitaraturiko ipuin bilduma, berriz, 5 eurotan egongo da salgai.

Egitaraua

Astelehena, hilak 20

Literatura solasaldia, Alberto Ladron Aranaren Harrian mezua eleberriaren inguruan. Udal Liburutegian, 18:00etatik 20:00etara.

Asteartea, hilak 21

Urola aldeko kontu ta komerixek, Gurutz Garmendia eta Josu Arrietaren ipuin liburuaren aurkezpena. Udal Liburutegian, 19:00etatik 20:00etara.

Asteazkena, hilak 22

Helduentzako ilustrazio tailerraren lehen saioa, Aitziber Alonsoren eskutik. Udal Liburutegian, 18:00etatik 20:00etara.

Osteguna, hilak 23. Liburuaren Nazioarteko Eguna

Udalak argitaratutako liburuen salmenta, Sanagustinpean, egunean zehar.

Ipuin kontaketa: Gurutz Garmendiak kontatuta, Urola aldeko kontu ta komerixek. Udal Liburutegian, 18:00etatik 19:00etara.

 

Aipatutakoez gain, astean zehar umeen bisitaldiak izango dituzte Enparan Dorretxeko Udal Liburutegian.