Gotzon Aranbururen senideak ere ez dira joango Guardia Zibilaren aurrean deklaratzera

Berria.eus eta Uztarria.eus 2015ko api. 20a, 15:04

Kuarteletan deklaratzeko hitzordua jaso dute euskal presoen 127 senidek, tartean, Gotzon Aranburu azpeitiarraren familiakoek. Mate operazioaren harira deitu dituzte, abokatuen ustez.

Agerraldia egin dute gaur, astelehena, euskal presoen ehun senide inguruk Donostian, eta bertan jakinarazi dute ez dutela Guardia Zibilak ezarritako hitzorduetara joateko asmorik. Gaurtik hilaren 29ra bitartean dituzte hitzorduak, eta lekuko gisa dira deklaratzekoak. Gotzon Aranbururen senideek ostegunerako, hilaren 23rako, jaso dute zitazioa, baina ez joatea erabaki dute haiek ere.

"Kapitalen zuritze" delitu batekin lotutako auzi baten harira deklaratu behar dutela esan diete guardia zibilek senideei, eta abokatuek uste dute, urtarrilaren 12an abokatuen aurka egindako operazioarekin izan dezakela lotura neurriak. Informazio falta salatu du Etxerat elkarteak: "Kuarteletako hitzordu hauek ez dakigu zein sumariotan sartuak dituzten".

Nabarmendu dute ez daudela legez behartuta Guardia Zibilaren hitzorduetara joatera, eta "babes handiagoa" eskatu diete herritarrei. 109 senidek Intxaurrondoko (Donostia) kuartelera joateko zitazioa jaso dute, eta hemezortzik, berriz, Salvekora (Bilbo).

2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalba (Madril) Guardia Zibilen kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Egun Villenako (Alacant) espetxean dago azpeitiarra preso. 

Azpeitiko gainerako presoak, Joseba Segurola eta Josu Urbieta Pow, Frantziako espetxeetan daude egun, eta haien senideek ez dute deklaratzera joateko deirik jaso.