"Berreskurapen ekonomikoa eta kohesio soziala" izango dira EAJren lehentasunak

Uztarria.eus 2015ko api. 17a, 22:46
EAJren hogei hautagaiak, kanpainarako prestatu duten argazkian. (EAJ)

Aitor Gorrotxategi zerrendaburu duen hautagaitza gaur, ostirala, aurkeztu dute jendaurrean Sindikatu Zaharrean, Joseba Egibar GBBren buru eta legebiltzarkidearen babesarekin.

Iazko maiatzean iragarri zuen Azpeitiko EAJk Aitor Gorrotxategi izango zuela zerrendaburu datorren maiatzeko udal hauteskundeetan. Gaur, berriz, Gorrotxategi buru izango duen hautagaitza osoa aurkeztu dute jeltzaleek, Sindikatu Zaharrean egindako ekitaldian. Azpeitiko jeltzaleen hautagaiei babesa emanez bertan izan da Joseba Egibar, GBBren buru eta legebiltzarkidea. "Hautagaitza ederra da", esan du Egibarrek Azpeitian bere alderdiak osatutakoaz. Ekitaldiaren amaieran hartu du hitza eta, EAJren zerrendara batu direnen "konpromisoa" goratzeaz gain, ezker abertzaleari hainbat erreferentzia egin dio. "Gauza diferentea da politikara politikan eta herrigintzan sinesten delako hurbiltzea, eta beste bide batzuk huts egin dutelako hurbiltzea" esan du, besteak beste.

Egibarren aurretik, Aitor Gorrotxategi izan da bere taldekideak banan bana aurkezteko hitza hartu duena. EAJren Azpeitiko alkategaiaren lehen hitzak Tomas Bereziartua Olarte alderdikidea gogora ekartzeko izan dira; aurkezpenaren ordu berean egin dute haren hileta elizkizuna. Ondoren, "ezkutuan lan asko egiten duen jendeari eskerrak eman" dizkio, azken urtebetean orain aurkeztu duten hautagaitza osatzerakoan bidean lagun izan dituenak gogoan.

Jeltzaleen hautagai zerrendari dagokionez, "gaztetasuna", "esperientzia" eta "freskotasuna" izan dira Gorrotxategik nabarmendu izan dituen balioak. "Nire asmoa talde honen koordinatzaile izatea da. Nik hogeiak behar ditut inguruan, emaitzak emaitza", adierazi du.

Lehentasunak eta programa

Osatzen ari diren hauteskunde programa "laster" aurkeztuko dutela esan du EAJren alkategaiak. Aurrerapen gisara, "bi lehentasun nagusi" azpimarratu ditu: "Bata berreskurapen ekonomikoa izango da, eta bestea kohesio soziala. Azpeitian gero eta kolore eta kultura gehiago daude. Gurera datozenei eskatu, eta eskaini egin behar zaie".

Zerrenda

Hau da maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako EAJk Azpeitian osatu duen hautagaitza:

1. Aitor Gorrotxategi Larrañaga. Ekonomista. 39 urte.

2. Nerea Etxeberria Lizaso. Ingeniaria. 31 urte.

3. Aritz Azpiazu Mateos. Administraria. 30 urte.

4. Itziar Lasa Arteaga. Soziologoa. 40 urte.

5. Jose Miguel Aizpuru Kerejeta. Galdaragintzan langilea. 39 urte.

6. Rebeka Larrañaga Udabe. Administraria. 42 urte.

7. Xanti Gurrutxaga Elorza. Soinu-teknikaria. 54 urte.

8. Amaia Etxeberria Etxeberria. Diseinatzailea. 44 urte.

9. Mireia Epelde Bikendi. Irakaslea. 29 urte.

10. Alberto Frantzesena Orbegozo. Komertziala. 60 urte.

11. Nerea Aldai Garate. Ingeniaria. 31 urte.

12. Lander Garate Berasategi. Egurgintzan langilea. 38 urte.

13. Ane Gil Izagirre. Ikaslea. 22 urte.

14. Iñaki Txapartegi Begiristain. Zuzendari industriala. 43 urte.

15. Arantxa Arregi Bastida. Jubilatua. 70 urte.

16. Julian Kortajarena Otalain. Galdaragintzan langilea. 57 urte.

17. Jabier Altuna Larrañaga. Irakaslea. 48 urte.

18. Onintza Zeberio Arretxe. Irakaslea. 40 urte.

19. Jose Mari Bastida Arrieta. Alkate ohia. 72 urte.

20. Julian Eizmendi Zinkunegi. Alkate ohia. 57 urte.

Arrazoi desberdinak medio, Xanti Gurrutxagak, Ane Gilek, Arantxa Arregik eta Jose Mari Bastidak ezin izan dute hautagaitzaren aurkezpenean egon.