Hazien ugalketari buruzko eskuliburua aurkeztu dute

Uztarria.eus 2015ko api. 17a, 15:06

Gaur, ostirala, goizean hasi dira Baratzaren udaberria jardunaldiak, Hazien ugalketari buruzko eskuliburuaren aurkezpenarekin. Jose Maria Hernandez Cristina Eneako zuzendaria eta Marc Badal Haziera proiektuaren arduraduna izan dira udaletxeko areto nagusian egin duten aurkezpenean, Eneko Etxeberria alkatearekin batera. Eskuliburua "erabilgarria" dela azpimarratu du Hernandezek, eta jardunaldok "hazien garrantziaz jabetzeko" antolatu dituztela azaldu du.

Marc Badalek eman ditu gidaliburuaren gaineko azalpenak. Hazien ugalketaren inguruko eskuliburuan bioaniztasunaren garrantziaz ez ezik, haziak ereitetik uzta jaso arte baratzean egin beharrekoen gaineko gomendioak-eta jaso dituztela azaldu du.  Batez ere, "gomendioak edo aholkuak" jaso dituzte eskuliburuan, eta helburua "bertako hazi barietateak kontserbatzea eta ezaugarriak ez galtzea" dela azaldu du Badalek.

Eskuliburuak euskaraz eta gazteleraz kaleratuko dituzte, eta aurki izango dira salgai, 10 euroren trukean. Aurkezpenean Euskal Herriko Haizen Sareko kideei eskerrak eman dizkie Marc Badalek, emandako laguntzagatik.

Jardunaldiak hasi besterik ez dira egin. Izan ere, gaur eta bihar ekitaldi ugari izango jardunaldien baitan. Hala nola, gaur, ostirala, arratsaldean Jakoba Errekondoren solasaldia izango da 18:30ean, Sanagustin kulturgunean. Bihar, berriz, tailerrak-eta egingo dituzte Izarraizpeko baratzeen gunean eta nahi duen herritar orok izango du bertaratzeko aukera.

Egitaraua

Hona hemen, Baratzaren udaberria jardunaldien egitarau osoa:

Apirilak 17, ostirala:

  • 18:30: Jakoba Errekondorekin solasaldia Sanagustin kulturgunean. Bizi baratzealiburua aurkeztu ondoren, Baratzeko kultura izeneko hitzaldia emango du Errekondok.
  • 20:00: Bertako produktuekin egindako pintxoen dastaketa.

Apirilak 18, zapatua, Izarraizpeko baratzeen gunean:

  • 10:00: Hazien tailerra, Marc Badalen eskutik.
  • 11:00: Hazitegia sortzeko tailerra: ohe beroaren teknika. Kimu Bat-ek emango du tailerra.
  • 12:00: Tomate tailerra, Karabeleko elkartearen eskutik.
  • Furgobaratza zerbitzuaren aurkezpena: 09:30etik 11:30era Otzakako gunean, 11:30etik 13:30era Izarraizpen.