Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Udalak

Uztarria.eus 2015ko api. 17a, 14:30
Ainhoa Beristain eta Kontxita Martija udal zinegotziak kanpainaren berri ematen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hasi du 2014ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina dagoeneko, eta ekainaren 25era bitartean egin ahal izango da aitorpena. Iazko errenta aitorpenaren kanpainan Azpeitian egin ziren 7.586 aitorpenetatik 2.566 egin ziren euskaraz (%33,83). 

Azken urteetako legez, Azpeitiko Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu ditu azpeitiarrak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hasi du 2014ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina dagoeneko, eta ekainaren 25era bitartean egin ahal izango da aitorpena.

Errenta aitorpena euskaraz nola egin azaltzeko kartelak kaleratu ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta horietan autolikidazioa, edo aitorpen mekanizatua zein Internet bidezkoa euskaraz nola egin azalpenak jaso dituzte. Kartel horiek herriko adieraz-guneetan daude ikusgai, eta etxez etxe ere banatuko dituzte eskuorriak.

Azken urteetan gora egin du errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren kopuruak. Horren erakusle da, 2014an egindako 7.586 aitorpenetatik euskaraz 2.566 egin izana (%33,83). Beraz, aitorpena egin duten azpeitiarren hirutik batek egin du euskaraz. Ainhoa Beristain euskara zinegotziak azaldu duenez, "Ogasunean, beste arlo askotan bezalaxe, euskara, poliki-poliki, urterik urtera, aurrera egiten ari da etenik gabe".

Gipuzkoako 10.000 biztanletik gorako herrien artean Azpeitian egin ziren aitorpen gehien euskaraz iaz. Beristainen aburuz, "ez da marka makala aitorpenen hirutik bateko langa igarotzea". Inguruko herriei dagokienez, Azkoitian iaz aitorpenen %25 egin zituzten euskaraz.

Ainhoa Beristainen ustez, errenta aitorpena euskaraz egitea euskarari "balioa ematea" da: "Bizitzaren esparru guztietara hedatuz erabilgarriagoa bilakatzen dugu euskara. Hizkuntzari arnasa eman, hizkuntza piztu eta normalizatu. Errenta aitorpena egitea gauza normala bada, normala behar du euskaraz egiteak ere".

Hemen, azken urteotan Azpeitian euskaraz egin diren aitorpenen datuak:

  • 2008an: 2.027 aitorpen egin ziren euskaraz (%27,76).
  • 2009an: 2.227 aitorpen egin ziren euskaraz (%28,23).
  • 2010ean: 2.260 aitorpen egin ziren euskaraz (%29).
  • 2011n: 2.387 aitorpen egin ziren euskaraz (%30,52).
  • 2012an: 2.453 aitorpen egin ziren euskaraz (%31,86).
  • 2013an: 2.566 aitorpen egin ziren euskaraz (33,83).