Bizikidetza ardatz izan duen Herritarren Foroa aurkeztuko dute datorren asteazkenean

Uztarria.eus 2015ko api. 16a, 14:26

Urte luzez hainbat herritarrek jasandako indarkeria, giza eskubideen urraketa eta bazterketa egoerek eragindako "sufrimendu eta inkomunikazio egoerak" elkarbanatzeko sortu zuten taldea, eta datorren asteazkenean egingo dute jendaurreko aurkezpena Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita.

Azpeitiko Herritarren Foroa aurkeztuko dute datorren asteazkenean, hilak 22, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan. Herritarren Foroa 2014ko martxoan eratu zuten hainbat herritarrek, Lokarriren laguntzarekin. Urte luzez hainbat herritarrek jasandako indarkeria, giza eskubideen urraketa eta bazterketa egoerek eragindako "sufrimendu eta inkomunikazio egoerak" elkarbanatzeko sortu zuten taldea, eta datorren asteazkenean egingo dute jendaurreko aurkezpena. 

Herritarren Foroa ondorengo herritarrek osatu dute: Alaitz Aguado, Jexux Aizpurua, Eneritz Albizu, Miren Alcedo, Jabier Altuna, Joxe Arregi, Felipe Murillo, Miren Odriozola, Manoli Uranga, Eneka Urbieta eta Mertxe Urtuzaga Otaegi.

Taldeko kideek azaldu dutenez, foroaren hasierako helburua zen "elkar ezagutzea, elkarrengana hurbiltzea eta elkar ulertzea", eta hilean behin herritar taldeak modu diskretuan egiten zituen bileretan "errespetuzko giro batean eta zintzotasunez, bizipenak eta minak partekatu" dituztela jakinarazi dute.

Aurkezpen ekitaldian biltzen hasi zirenetik oraintsu arte bizitakoaren errelatoa partekatuko dute foroan parte hartu duten kideek eta gainerako herritarrei ekitaldira bertaratzeko gonbitea luzatu diete, "bizikidetza hobetzea denon egin beharra dela" uste dutelako.