Posta bidezko botoa eman dezakete herritarrek dagoeneko

Urola Kostako Hitza 2015ko api. 15a, 12:34

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi direnek edo arazo fisikoak dituztenek eman dezakete boza posta bidez; apirilaren 25erako egin behar dute eskaera.

Hauteskundeen atarian, posta bidez botoa emateko aukera dute dagoeneko Urolako herritarrek. Horretarako, ordea, prozesu desberdinak daude, pertsona bakoitzaren egoeraren arabera. Egoerarik ohikoenak hiru dira, eta boza emateko urrats desberdinak jarraitu behar dituzte boto-emaileek, kasuz kasu. Honakoak dira egoerak: behin-behinean Arabatik, Bizkaiatik eta Gipuzkoatik kanpo, baina Espainiako estatuaren barruan bizi diren herritarrak; aldi baterako Espainiako mugetatik kanpo bizi diren pertsonak eta arazo fisiko edo gaixotasunen bat duten bizilagunak.

Espainian bizi direnak

Arabatik, Bizkaiatik eta Gipuzkoatik kanpo egon arren, aldi baterako Espainiako estatuaren mugetan bizi diren biztanleak Correoseko bulegoetara joan behar dute boza emateko paperak eskatzera. Paperarekin batera, NANa, pasaportea edo gidabaimena eta errolda agiria aurkeztu behar ditu boto-emaileak, Correosen bertan. Behin izapideak eginda, beharrezko egiaztagiria bidaliko diote herritarrari momentuko bizitokira; eta, prozesua amaitzean, paper horiek eta botoa eraman beharko dituzte Correosera, hautes-mahaiaren helbidea duen gutun-azalean sartuta. Bestalde, beharrezkoa da gutuna ziurtatuta bidaltzea, gutun ez ziurtatuak baliogabekotzak hartuko baitituzte.

Gabezia fisikoak

Gaixotasun edo gabeziaren bat duten pertsonen kasuan, berdina da prozesua, baina haiek ziurtagiri bat gehiago aurkeztu behar dute beraien egoera frogatzeko. Hori hala izanik, notario bat joango zaie etxera, gabezia hori frogatzera, eta senide edo tutoreren bati emango diote izapideak egiteko eta boza bidaltzeko baimena.

Espainiatik kanpokoak

Espainiatik kanpo bizi direnek bozkatzeko baimena eskatu behar dute beraien bizitokiko erregistro zibilaren bulego kontsularrean edo Espainiako Atzerri Arazoetako Ministerioaren webgunean. Horretarako, lehendabizi, ez egoiliar bezala eman behar dute izena; hau da, herrialde horretakoak ez direla erakutsi behar dute. Ondoren, baimen-ziurtagiria aurkeztu beharko dute erregistro zibilaren bulego kontsularrean edo enbaxadan. Hori eginda, beharrezko dokumentazioa bidaliko diote herritarrari egungo bizilekura, eta hautes-mahaira bidali beharko du hark dokumentazioa, bere botoarekin. Martxoaren 31n ireki zuten epea izapideak egiteko, eta apirilaren 25a baino lehen egin daitezke eskaerak. Dokumentazioa apirilaren 28tik maiatzaren 4ra jasoko dute, eta maiatzaren 20a bitartean izango dute botoa emateko aukera.

Behin posta bidezko botoa eskatuta, ezin da hauteskunde egunean hautes-mahaian botoa eman, hau da, derrigorrez postaz egin beharko da prozesua.