Ziklomotorren azterketa teknikorako txanda eskatu daiteke dagoeneko

Uztarria.eus 2015ko api. 15a, 12:04

Maiatzaren 7an izango dira azterketak, 09:00etatik 14:00etara. Ordaindu beharrekoa, berriz, 27,05 euro da.

Ziklomotorra duten azpeitiarrek beren ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) Azpeitian bertan egiteko aukera izango dute aurten ere. Maiatzaren 7an izango dira azterketak, 09:00etatik 14:00etara, Urola kaleko 6. zenbaki dagoen udal biltegian. Txanda hartzeko aukera dago dagoeneko, eta 943 76 97 53 telefonora deitu behar da horretarako. 

Udaltzaingoak gogorarazi du lehen matrikulaziotik hiru urte betetako ziklomotorrek derrigorrez pasa behar dutela azterketa teknikoa. Azterketa teknikoa egiterakoan aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da: ziklomotorraren ezaugarri teknikoen ziurtagiri originala (ez kopia), zirkulatzeko baimena, derrigorrezko asegurua eta jabearen NAN. Ordaindu beharrekoa, berriz, 27,05 euro da.