Pako Aristi eta Xebastian Lizaso, ETB2n euskaldunek euskaraz egitearen alde deitu dutenen artean

Uztarria.eus 2015ko api. 14a, 20:22

Lea-ArtiBAI Euskarari elkartea eta UEMA iaz hasi ziren protokoloa lantzen, Urola Kosta eskualdea batu zitzaien gero, eta orain Euskal Herri osora zabaldu nahi dute, hainbat kirolariren eta kultur eragileren atxikimenduarekin. Hemen, atxikimendu guztien zerrenda.

Lea-ArtiBAI Euskarari Elkartea eta UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunikatea) komunikazio protokoloa lantzen hasi ziren iaz, Euskal Herriko hedabideetan, eta bereziki ETB2n, euskararen presentzia areagotzea eta kazetariek euskal hiztunei gaztelaniaz egiteko ez eskatzea helburu hartuta, "gure herrietako errealiatatea telebistan desitxuratua ez agertzeko, euskararen prestigioaren eta normalizazio prozesuaren mesedetan". Urola Kosta eskualdea batu zitzaien gerora eta, orain, kirol eta kultura munduko hainbat jende ezagun elkartu zaio protokoloa Euskal Herri osora zabaltzearen aldeko eskaerari. 140 kirolari eta kultur eragilek sinatu dute eskaera, eta horietako batzuk agerraldia egin dute gaur, asteartea, Donostian, Pako Aristi eta Xebastian Lizaso tartean zirela. Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariek, Gaizka Garitano Eibar futbol taldeko entrenatzaileak, Iñaki Artola pilotariak, Ramon Agirre aktoreak, eta Aitor Gorosabel eta Mikel Markez kantariek ere hartu dute parte, besteren artean, aipatu agerraldian. Horiez gain, atxikimendua eman dute Nagore Aranburu aktoreak, eta Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Imanol Lazkano, Jose Luis Gorrotxategi, Xabier Azpillaga, Haritz Etxeberria, Leire Ostolaza eta Jon Gurrutxaga bertsolariek eta Laxaro Azkune kazetariak.

Pako Aristi izan da, Itziar Ituño aktorearekin batera, hitza hartu duena. "Euskara hizkuntza gutxitua da, eta horregatik laguntza behar du. Halere, gure hedabideetan ez da gertatzen, eta hori are eta larriagoa da denon diruarekin ordaintzen delako", esan dute, ETB2 telebista kate publikoaren jarrera salatuz, euskal hiztunak gaztelaniaz hitz egitera behartzen dituela salatuz. Horrek bi ondorio nagusi dituela adierazi dute: bata, Euskal Herriko mapa linguistikoaren desitxuraketa; eta bestea, EITBren sorreran zegoen helburu nagusiaren, euskararen normalizazioaren, "boikota": "Euskara gero eta gehiago entzutea izango litzateke normalizazioaren garapena, euskararen paisaia erreala agertzea pantailan".

Agerraldian, EITBko zuzendaritzari eskaera luzatu diote, "agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko". Euskal hiztunen hitzak azpidatziekin ematea proposatu dute, modu horretan euskarari ikusgarritasuna, entzungarritasuna eta bizitasuna emango litzaiokeelakoan. "Gure herriaren oinarri, osagai eta funtsa dela agertuko luke ikusle guztien begietara", adierazi dute.

Eskaera euskal herritar guztiei ere zabaldu nahi izan diete, "telebistako kamera bat hurbiltzen zaienean euskara erabiliko duten subjektu linguistiko bihur daitezen, bere gain har dezaten hitzaren ardura".