Alazne Aizpitarte: "Gazte eta nerabeek kontrola jeloskortasunarekin lotzen dute, eta jeloskortasuna benetako maitasunarekin"

Uztarria.eus 2015ko api. 14a, 11:42

Azpeitiarra da Alazne Aizpitarte. Psikologiako ikasketak bukatu ondoren, Familia eta Bikote Terapia masterra egin zuen, eta haren ostean Bikoteen Arteko Biolentzia nazioarteko tesia. Nerabe eta gaztetxo bikoteetan ematen diren bortxa zantzuak ekiditeko ikastaroak ematen ditu egun. Unibertsitatea.net webgunean elkarrizketatu dute Aizpitarte.

Zergatik hartu zenuen parte #Txiotesia2-n?

Nire tesi zuzendarietako batek, Itziar Alonso-Arbiolek, eman zidan ekimenaren berri eta parte hartzera animatu ninduen. Euskaldunon artean gure ikerketak ezagutarazteko oso modu polita eta sormen handikoa iruditu zitzaidan. Esan zidanean, ez nuen gehiegi pentsatu eta parte hartu nuen.

Zerk bultzatu zintuen nerabe eta gazteen arteko harremanetako biolentzia jorratzera?

Nire bokazio klinikoak. Tesiari ekin nioenean, Bikote eta Familia Terapiako formazio espezializatua amaitzen ari nintzen, eta bikoteen esku-hartzea nuen gustukoen. Horrez gain, psikologook badugu kolektibo zehatzekin lan egiteko joera, eta nik nerabezaroa dut gustuko. Gainera, benetan gizartera aplikagarritasun zuzena izango zuen zerbait egin nahi nuen, benetan bokazioz jarraituko nuena, behin tesi proiektua defendatu ostean.

Horren ohikoa al da adin tarte horretan biolentzia jasatea?

Ondo definitu behar da kontzeptualizazioa adin tarte horietako bortxaz hitz egiten dugunean. Hau da, nerabezaroko bikote harremanetako indarkeria ez du bortxa ikusgarrienak, bortxa fisikoak esaterako, ezaugarritzen. Adin horietako indarkeria oso sotila izan ohi da kasu gehienetan, eta jokaera kontrolatzaileek, eta familiarengandik eta lagunengandik isolatzeko jokaerek eta jarrerek ezaugarritzen dute bereziki. Adibidez, Whatsapp bidezko etengabeko kontrola, bikotearen gako pertsonalak lortzean tematzea, pertsona zehatzekin ez harremantzeko aginduak... Horiez gain, jendaurreko umiliazioa ere nahiko ohikoa izaten da. Orokorrean, horiek dira jokaera eta jarrera ohikoenak. Hala ere, agertu daiteke bortxa fisikoa ere, baina nire ikerketan oso-oso tasa baxuetan agertu da. Aldiz, jokaera kontrolatzaileak dira nagusi.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko egin klik hemen.