Helduentzako ilustrazio tailerra egingo dute Udal Liburutegian

Uztarria.eus 2015ko api. 9a, 18:08
Hau da liburutegian emango den ilustrazio tailerra iragartzeko atera duten kartela.

Aitziber Alonsok emango du eta apirilaren 22an eta 29an eta maiatzaren 6an izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara. Parte hartu nahi dutenek liburutegian bertan edo Gazte Informazio Bulegoan (GIB) eman behar dute izena; apirilaren 17a izango da horretarako azken eguna.

Ilustrazioaren munduan interesa dutenek horretan sakontzeko aukera izango dute hil honen bukaeran eta maiatzaren hasieran Udal Liburutegian, Udaleko Gazteria sailarekin elkarlanean helduei zuzendutako ilustrazio tailerra antolatu baitute bertan.

Aitziber Alonsok gidatuko duen tailerra bi orduko hiru saiotan banatuko da, apirilaren 22an eta 29an eta maiatzaren 6an, 18:00etatik 20:00etara. Lehenengo saioan albumari buruz hitz egingo dute, eta pertsonaiak eta paisaiak landuko dituzte. Bigarrengoan, tailerreko partaideek gustuko duten liburu baten pasarte bat eramango dute saiora, haur literaturatik edo helduen literaturatik jasotakoa; testua orrialdeka banatu ondoren, esaten duena aztertuko dute, irudietan bihurtzeko. Hirugarren eta azken saioan, berriz, irudiak margotuko dituzte. Ikasleek tailerrerako beharrezko material guztia bertan aurkituko dute, baina ikasleek etxean duten materiala ere eraman ahal izango dute.

Izena emateko

Ilustrazio tailerrean parte hartu nahi dutenek liburutegian bertan edo Gazte Informazio Bulegoan (GIB, gib@azpeitia.eus, 943157160 telefonoa) eman behar dute izena; apirilaren 17a izango da horretarako azken eguna. Gehienez hogei laguneko taldea osatu ahal izango da.

Tailerraren prezioa 10 eurokoa da, edo 7koa, gazte txartela, ikasle txartela edota langabetu txartela dutenentzat.