Soreasuko aparkalekuen alokairuak merkatu ditu Udalak

Uztarria.eus 2015ko api. 7a, 12:32

Aparkalekuen erabilera sustatu nahi dute neurri horrekin, eta aurrerantzean erabiltzaileek 300 euro (BEZ barne) ordaindu beharko dute aparkalekuen urteko alokairua.

Azpeitiko Udalak Soreasuko aparkalekuen alokairua merkatzeko erabakia hartu zuen joan den astearteko udalbatzarrean, aho batez. Aparkalekuen erabilera sustatu nahi dute neurri horrekin, eta aurrerantzean erabiltzaileek 300 euro (BEZ barne) ordaindu beharko dute aparkalekuen urteko alokairua. Aurrerantzean 250 euro gutxiago ordaindu beharko da alokairua, orain arte 550 euro kostatzen baitzen. Horrez gain, trastelekuak ere alokatuko dituzte, 100 euroren trukean, eta aparkalekua eta trastelekua nahi dituztenek 350 euro ordaindu beharko dituzte bien trukean. Bestalde, aparkalekuko hileko bonoak ere eskuragarri daude, eta 55 euro ordaindu behar dira.

Aparkalekuaren jabe ez direnek edo bonorik ez duten eta Goiko kalean, plazan, Enparan kalean, Erdikalean, Elizkalean, Done Jakue kalean, Txaribarko Errebalean, Perez Arregi plazatxoan, Soreasu auzoan edo Madalena auzoan erroldatuta dauden herritarrek 12 ordu doan izango dute Soreasuko lurpeko aparkalekua. Hamabi orduak igarotakoan, minutuko 0,0089 euro ordaindu beharko dute erabiltzaile horiek.

Horrez gain, eta orain arteko gisan, aurreko baldintzak betetzen ez dituztenek, bost orduz dohainik izango dute lurpeko aparkalekua, eta bost orduak igaro ostean, 0,0089 euro ordaindu beharko dute minutuko.