2015eko Euskal Antzerki Topaketetarako proiektu berriak aurkezteko epea ireki du Udalak

Uztarria.eus 2015ko mar. 31a, 20:05

Azaroan egingo den Topaketen XXXIII. edizioan parte hartu nahi dutenek bidali ditzakete proposamenak, apirilaren 1etik 25era bitartean.

Azaroan egingo dira herrian XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak. Haietan parte hartzeko interesa izan eta euskarazko antzezlan proiektu berriren bat esku artean duten Euskal Herriko taldeei zuzenduta deialdia ireki du Topaketak antolatzen dituen Udaleko Kultura sailak.

Horrela, apirilaren 1etik 25era zabalik izango da antzerki proiektu berriak Azpeitiko Udalari aurkezteko epea. Taldea Euskal Herrikoa izatea eta antzezlan berria euskaraz izatea, horiek dira aurkeztu ahal izateko baldintzak. Obraren aurkezpena, sinopsia, fitxa teknikoa zein artistikoa eta material grafikoa udaletxeko harreran, Kultura bulegoan edo kultura@azpeitia.eus helbide elektronikoan aurkeztu beharko dira, aipatutako epearen barruan. Zalantzak argitzeko, 943157068 telefonoa ere erabil daiteke.

Aurkezten diren lanen artean Udalak aukeratzen dituenak XXXIII. Euskal Antzerki Topaketetan taularatuko dituzte.