Aitor Gorrotxategi EAJko alkategaiak herriko eragileekin bilduko dela jakinarazi du

Uztarria.eus | Politika
2015ko mar. 30a, 10:28

Herriko gazteekin egin zuen lehen bilera, eta bide horri jarraitu nahi dio hemendik aurrera hautagai jeltzaleak.

Aitor Gorrotxategi lan taldearekin.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gaur, martxoak 30, bihar eta etzi Azpeitiko kultur, gizarte eta kirol eragileekin bilduko da Aitor Gorrotxategi EAJko alkategaia. Talde edo eragile horien errealitatea ezagutu nahi duela esan du Gorrotxategik, "hurrengo urteetan sor daitezkeen planak, egitasmoak edo proiektuak aztertzeko". Eragileekin ez ezik, Aste Santuaren ostean, herrigunean eta auzoetan bilerak egingo dituztela ere adierazi du.

EAJko alkategaiak esan du lan-taldearen laguntzarekin ari dela programa prestatzen: "Emakume eta gizon inplikatuak dira, Azpeitiaren errealitatea ezagutzen dutenak, eta beraien herriaren alde konprometitzea erabaki dutenak".

Jarrera aldaketa

Gorrotxategik esan du bera arduratuko dela eragileekin harremanetan jartzeaz, eta haiekin hitzordua zehazteaz. Hark jokaera aldatu nahi duela esan du. Bera joango da eragileen bileretara, eta prozesua ez da alderantziz izango: "Jokamoldea aldatu nahi dut. Ez dut nik izan nahi bilerara deia egingo duena egun, toki eta ordu zehatz baterako, 'etorri nahi duena, etor dadila' formula zaharraren bidetik. Horrek ez du balio, eta are gutxiago interlokutore horiek, Azpeitiko kultur, gizarte eta kirol mugimendu indartsuaren benetako sortzaile direnek, euren denbora librea helburu horretara dedikatzen duten boluntarioak direnean".

EAJko hautagaiaren arabera, orain arte eginikoaren "jarraipena" dira bilerak. Izan ere, azken bilera herriko gazteekin egin zuen Gorrotxategik. Haren hitzetan,  gazteek erakutsi diete zein den beraien errealitatea eta ikuspuntua. Gaur egungo industriaren egoera dela-eta, gazteak langabeziak arduratzen dituela jakinarazi du. Horregatik "erakunde publikoen, ekintzaileen eta gizarte eragileen lan bateratuaren ondorioz etorriko den berreskurapen ekonomikoa" izango du xede EAJko alkategaiak. "Gure ekintzaileak aitortzearen aldeko jarrera dugu, horiek baitira industria proiektuak gauzatzeko giltzarria, eta horien ondorioz sortzen baitira kalitateko lana eta ongizatearen bermea. Konfrontazioa eta kontsigna partidista eta hutsalak gainditu behar ditugu, eta proiektu partekatuen aldeko konpromisoaren kultura erreibindikatu. Esku irekiak nahi ditugu, ez ukabil itxiak", azaldu du.

Ekarpenak egiteko aukera

Herritarrek ekarpenak egiteko helbide elektronikoa eta telefono zenbakia jarri ditu EAJko alkategaiak. Helbide elektronikoa gorro.eaj.ekarpenak@gmail.com da, eta telefono zenbakia, berriz, 688 69 16 10. Korreo botoari buruzko informazioa jasotzeko ere erabil daitezke bide horiek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu