Dozenaka eragile, norabide berean

Uztarria.eus 2015ko mar. 27a, 11:29
Agenda bateratuaren eta eragileen gidaren aurkezpena, Sanagustin kulturgunean.

Atzo, osteguna, Azpeitiko Taldeen Gidaliburua eta Agenda bateratuaren egitasmoa aurkeztu zituen Azoka Herritikek. Azpeitiko Taldeen Gidaliburua webgune honetan dago ikusgai dagoeneko, eta Agenda bateratua ere martxan da jada.

Atzo, osteguna, aurkeztu zituzten jendaurrean Azpeitiko Taldeen Gidaliburua eta Agenda bateratuaren egitasmoa. Dozenaka eragiletako ordezkariak eta norbanakoak bertaratu ziren Sanagustin kulturgunera, Azoka Herritiken ekimenaren nondik norakoak ezagutu asmoz. Izan ere, Azoka Herritik ekimenak jarri ditu martxan bi proiektuok, udalaren laguntzarekin.

Azoka Herritikekoek azaldu dutenez, "Azpeitiko herri mugimendua bizirik dago, 80 talde baino gehiago daude une honetan, bakoitza bere alorrean lanean. Hainbeste talde, elkarrekin harremanik gabe, hitzaldi edo ekitaldiak elkarri zapaltzen dizkiogu sarritan, eta horri guztiari konponbidea jartzeko tresnak jarri ditu martxan Azoka Herritikek".

Azpeitiko Taldeen Gidaliburuan talde guztien fitxak jasotzen dituen eskuliburua osatu dute. Herritarrek haien guztien berri izatea da helburuetako bat, eta herritarren eta taldeen arteko zubiak eraikitzea ere bai. Horrez gain, taldeak "elkarlanean" jarri nahi dituztela azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek. "Elkarri laguntzeko elkarren berri izatea besterik ez baitago. Gidaliburu horretan argi eta garbi azalduko zaigu zer egiten duen talde bakoitzak, eta nora jo haiekin harremanetan jartzeko", gaineratu dute.

Agenda bateratua

Azpeitiko eragileen gida ez ezik, Agenda bateratua ere aurkeztu zuten atzokoan. Azpeitian ekitaldi ugari antolatzen dute eragileek azken aldian, eta behin baino gehiagotan gertatu da bi ekitaldik elkar zapaltzea. Indarrak aprobetxatzeko eta halakoak sahiesteko, taldeek beraiek kudeatuko duten agenda bateratua jarri dute martxan, webgune honetan, Uztarria.eus-en. "Taldeentzat beraientzat tresna paregabea izango da", esan dute Azoka Herritikekoek: "Izan ere, Uztarria.eus-eko agendan herriko agenda osoa edukiko dugu, hemendik aurrera".