Etxeko argindar kontsumoa neurtu eta aurrezteko tresna, eskura

Uztarria.eus | Gizartea
2015ko mar. 25a, 17:47

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo, asteartea, aurkeztu zuen Azpeitian Argitu kanpaina. Urola Erdia, Tolosa eta Orendain izango dira egitasmo honetan aitzindari. Parte hartu nahi duten herritarrek www.argitu.eus webgunearen bidez eman behar dute izena.

'Argitu' kanpaina udaletxean aurkeztu zuten, atzo  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, Ainhoa Iraola Ingurumeneko foru zuzendariak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, kanpainarako aplikazioa sortu duen Enerbyte enpresako Pep Salasek, Carmen Garcia Rubiko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) alkateak eta hango zinegotzi Angel Ruiz Casasek hartu zuten parte Argitu kanpainaren aurkezpenean.

Rubi udalerriko esperientzian oinarrituta abiatu du Foru Aldundiak kanpaina berria, eta horregatik gonbidatu zituzten hango ordezkariak, aurkezpenean elkartu ziren herritarrei beraien esperientzia azal zezaten. Kataluniako udalerriak 75.000 biztanle inguru ditu eta energia kontsumoa %18 murriztea lortu dute orain Gipuzkoan abiatzear den antzeko kanpainan parte hartu duten familiek. Angel Ruizek horren eta Rubin martxan dituzten beste hainbat neurriren berri luze eta zabal eman zuen Azpeitiko udaletxeko areto nagusian. Azaldu zuenez, Europa osoan etxe bakoitzak %10 murriztuko balu bere kontsumoa, 240.000 milioi euro aurreztuko lirateke, guztira. "Edo, beste era batera esanda, 40 zentral nuklear itxi ahal izango genituzke", gaineratu zuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrek etxean argindar kontsumoa murriztu dezaten abian jarri duen egitasmoa da Argitu. Urola Erdian, Tolosan eta Orendainen emango ditu lehen pausoak, eta aurrera begira Gipuzkoa osora zabaldu nahi dute. "Batetik, modu praktikoan energia kontsumoa jaistea eta bestetik, jarrera kritikoa eta arduratsua sustatzea eta herritarrak beraiek ohartzea eragile aktiboak direla gai honetan, funtsezko erabakiak har ditzaketela eta, horregatik, konponbidearen parte direla". Horiexek dira, Iñaki Errazkinen hitzetan, Argitu-ren helburu nagusiak.

Doako aplikazioa

Aurkezpenaren ondoren, kanpainan parte hartu nahi duten herritarrek www.argitu.eus webgunearen bidez izena emateko epea zabaldu da. Etxeko kaxa elektrikoan neurgailu digital bat jarri eta kontsumo elektrikoaren historikoa kontsultatzeko baimena eman behar dute kanpainan parte hartu nahi dutenek. Aipatutako neurgailua aplikazio informatiko bat da eta etxebizitza bakoitzaren "aholkulari energetiko pertsonalizatu" bihurtuko litzateke.

Behin izena emanda, teknikari bat izena eman dutenekin harremanetan jarriko da, neurgailua etxean jarri eta energia kontsumoaren ohituren gaineko galdetegi bat betetzeko. Hori eginda, kontsumo datuak eta hori murrizteko aholkuak jasoko dituzte erabiltzaileek. Egitasmoan parte hartzeko, hainbat baldintza bete behar da. Hala nola, "konpromiso pertsonala" izan behar dute izena ematen dutenek: "Kontsumo energetikoa murrizteko benetako interesa izan behar dute, kostuak murrizteagatik edo ingurumen arrazoiengatik izan". Horrez gain, urtebetean bizitokiz aldatzeko aurreikuspenik ez dute izan behar izena ematen dutenek, eta etxean Interneterako konexioa izan, eta telefono mugikorra, tableta edo ordenagailua eduki behar dute.

Argitu-ren aplikazioa etxean jartzen dutenek urtean argindarrean %10 aurreztea aurreikusten dute Foru Aldundiko arduradunek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu