"Estatuaren esku-hartzeei aurre egiteko" deia luzatu eta Kontseiluaren manifestazioarekin bat egin dute EH Bilduren alkateek

Uztarria.eus 2015ko ots. 27a, 16:59
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea (mahaian, ezkerretik bigarrena), gaurko agerraldian izan da. (EH BILDU)

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea izan da gaur, ostirala, Lasarte-Orian agerraldia egin duten 40 alkate eta zinegotzietako bat. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria udalen jarduna "baldintzatu" nahian ari dela eta egoera "jasanezina" dela adierazi dute.

EH Bilduren 40 alkate eta zinegotzik agerraldia egin dute gaur Lasarte-Orian, "Estatuaren esku-hartzeei aurre egiteko eta erantzun instituzionala, politikoa eta soziala emateko deia" egiteko eta, bide batez, Kontseiluak deituta zapatuan Donostian egingo den manifestazioarekin bat egiteko.

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria hainbat udalen erabakien aurka aurkezten ari den helegite eta errekerimendu ilara luzea izan du jomugan alkate eta zinegotzien agerraldiak. Azpeitia da udal horietako bat; Uztarriak landu zuen gaia, 2014ko azaroko aldizkarian. Urkijo udalen jarduna "baldintzatu" nahian ari dela eta egoera "jasanezina" dela adierazi dute udaletako ordezkariek. "Honen guztiaren atzean dagoen helburua oso argia da: gure instituzioen funtzionamendua baldintzatu nahi dute eta bere erabaki ahalmena Estatuko Gobernuak zehaztutako mugen barruan utzi nahi dute", diote alkateek.

"Urkijoren eta estatuaren esku-hartzeek erantzun bateratua eta komuna" eskatzen dutela eta erantzun hori "instituzioetatik" eman behar dela sinetsita, Gasteizko Legebiltzarreko talde politikoekin harremanak hasiko dituen alkateen batzordea izendatu dutela aurreratu dute, "erantzun bateratua gorpuzteko mekanismo politikoak eta juridikoak" proposatzeko helburuarekin. Gizarteari, berriz, Euskal Herrian hartzen diren "erabaki demokratikoen usurpaziori erantzuteko deia" luzatu diote EH Bilduren alkate eta zinegotziek. Horrekin lotuta iragarri dute Kontseiluak deitutako Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara manifestazioan parte hartuko dutela, eta mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.